Musika-zalez bete zen atzo iluntzean Arrasateko Monterron parkea Arrasate Musikal Big Bandak eskaini zuen kontzerturako. Udazabal programaren barruko aurtengo lehen emanaldia izan zen, eta musikariek ederki girotu zuten iluntzea Fever, On Broadway edo Respect bezalako abesti ezagunekin. Arrasate Musikalen 50. Urteurrena dela eta, gainera, Juan Arzamendik bere garaian idatzitako ereserkia ere eskaini zuten; hori bai, Big Bandak bere estilora moldatuta.
Emanaldiko une bereziena, baina, Orro txikia izeneko pieza jo zutenekoa izan zen. Arrasate Musikalek 50 urte bete ditu amaitzear den ikasturtean, eta hala, abesti hori jotzeko Txikitxu-Arrostaitz eta Lore Gazteak dantza taldeetako kideak, Ttakun txalaparta elkartekoak, Arratsateko Trikitixa Eskolakoak, Arrasate Musikaleko txistulariak eta Lander Olazabalaga alboka jotzailea izan zituzten bidelagun.