Aliena izan nahi duen pertsona eta Arrasate

Miren Arana Pagaldai 2023ko eka. 30a, 12:01

Alberto Narro eta The Black Alien –Ziorla Kenpo taldeko kamisetarekin–.

Maiatzean, Jordi Wild-en 'The Wild Project' egitasmoaren baitan, 'The Black Alien'-i egindako elkarrizketaren grabaketan izan ziren Alberto Narro –Ziorla kenpoko kidea– eta haren anaia. "Esperientzia interesgarri eta berria" izan da hura ezagutzea

Anthony Loffredo, edo The Black Alien izenez ezagunagoa, bere aspektu fisikoagatik famatu egin den 33 urteko frantsesa da; izen artistikoak dioen bezala, estralurtar baten itxura hartzea da haren nahia, eta hori gauzatzeko proiektu bat jarri du martxan: The Black Alien Project. Gizatasuna galtzeko aurrera eramaten ari den prozesuan, zenbait operazio kirurgiko egin ditu, eta, oraingoz, buruan duenaren %46 baino ez du bete: aurpegi beltza –begiak barne–, mihia erdibitu eta berdez margotu, sudurreko zati kartilaginosoa kendu eta belarriak moztu, eta esku bakoitzeko bi atzamar kendu ditu, baina aldaketa gehiago ditu aurreikusita.

'The Wild Project'

Maiatzean, Loffredo Jordi Wild-en podcast programan izan zen, beste bi arrasatearrekin batera: Alberto Narrorekin eta anaiarekin batera. Narro Ziorla Kenpo taldeko kidea da, eta anaia The Black Alien-en gerentea. Madrilen bizi da Narroren anaia, eta han ezagutu zuten elkar Anthony Loffredok eta biek; duela zortzi hilabete hasi ziren elkarlanean, gutxi gorabehera, baina kenpoko kideak ez zuen maiatzera arte ezagutu frantsesa.

Jordi Wild mundu mailan oso famatua den youtuber-a da, eta, egun, lanean ari da Youtube plataforman bertan, The Wild Project izeneko podcasten egitasmoan. "Noizbehinka ikusi dut podcasta, eta zenbaitetan esana zeukan Wild-ek The Black Alien ezagutu nahi zuela, eta anaiari esan nion", azaldu du Narrok. Hala, maiatzeko asteburu batean Manresara abiatu ziren, programarako elkarrizketa bat grabatzera: "Ni Arrasatetik eta anaia eta Anthony Madrildik joan ziren; baina asteburua hirurok batera pasa genuen".

"Bikain" joan zen elkarrizketa, Narroren hitzetan; aurreiritziez sakon aritu ziren, eta baita The Alien Black-ek buruan duen ideia artistikoen inguruan ere; elkarrizketan dioenez, 26 urterekin hasi zen aldaketarekin, eta dituen ideia artistikoak haren gorputzean erakustea zen nahia; harentzat eboluzioa da egiten ari dena, eta horrela adierazi nahi du.

Esperientzia berria

Ziorla Kenpo taldeak ere bereganatu zuen saioan protagonismo txiki bat; izan ere, elkarrizketatuak taldeko kamiseta jantzita izan zuen elkarrizketa osoan zehar. Narrok protagonista ezagutzea esperientzia "berria eta interesgarria" izan dela aitortu du, eta oso eskertuta agertu da elkarrizketan Ziorla Kenpo taldeko kamiseta jarri zuelako: "Gure taldea ikusaraztea garrantzitsua da, eta momentu aparta zen hori egiteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak