Urtero izaten duen arrakasta ikusita, aurten ere Zaldibarko frontoiak 24 orduko areto futboleko txapelketa jasoko du uztailaren 15ean, zapatua. Antolakuntza taldea aldatu egin badute ere, txapelketak azkenengo edizioko formatu bera izango du. Hilaren 21ean ireki zen izena emateko epea, eta, hain zuzen, uztailaren 10era arte izango dute taldeek han parte hartzeko aukera.
Talde-zerrendan izena emateko, Etxoste tabernara joan edo antolakuntzarekin Instagram bidez (@zaldibar24h) hitz egin beharko dute parte hartu nahi duten taldeek. Txapelketan parte hartu ahal izateko, talde bakoitzak 130 euro ordaindu beharko ditu, eta jasotako diru kopurua sariak banatzeko erabiliko da. Txapelketako lehenengo sailkatuak jasotako diru kopuru osoaren %60 lortuko du, txapeldunordeak %30 eta gainontzeko %10a hirugarren postuan sailkatutako taldearentzat izango da.
Arrakastarekin jarraitzera
Joan den urtean gertatu zen bezala, aurten ere "harrera oso ona izatea" eta "Debagoieneko gainontzeko herrietako jendea batzea" espero du antolakuntzak. Aurten ere "kontzertuak antolatzeko" asmoa dute, baina "batzuekin kontaktuan" hasi badira ere, ez dute "ezer itxita", adierazi du antolakuntzako kide batek.