Carlos Sanchez Berrio: "Lan onak izan ditu bere fruituak, azkenean"

Miren Arana Pagaldai 2023ko eka. 23a, 08:13

Arrasateko Udalak bigarrenez antolatu ditu Arrasateko kirolari onenak eta kirol ibilbide aipagarrienak saritzea eta errekonozitzea helburu duten Arrasate Kirol Sariak. Kulturolan eginiko ekitaldian, Saioa Karate Klubak eraman du kirolari onenaren saria; herritarrek klubak izan duen "denboraldi bikaina" nabarmendu du, boto guztien %38 klubari emanez.

Urte paregabea izan duzue eta herriak jakin du nori eman merezitako sari hori. Nola jaso duzue saria? Espero zenuten?

Ez genuen espero; ehunekoa atera denean pentsatu dugu geunden izendatu guztiontzat asko zela, eta oso zaila zela gu izatea irabazleak. Orduan, sorpresa izan da. Gutxiengoen kirola izanik, publikoaren saria lortu dugu, eta oso harro gaude; esker ona adierazi nahi diegu botoa eman diguten guztiei.

Kirolari asko daude Arrasaten, oso onak eta maila handikoak; eta guztien gainetik herritarren aukera onena gu izateak harrotasunez betetzen gaitu. Publikoaren sariaren irabazle izateak asko poztu gaitu, eta baita urtean zehar egindako lana erakusteko aukera izateak ere.

Kirola oinarri hartuta, nola joan da urtea? Zein da egin duzue feedbacka?

Lehiaketaz betetako urtea izan dugu eta oso emaitza onak lortu ditugu. Txapelketetara joan eta emaitza onik ez izatea frustragarria da, eta, hori kiroletan asko lantzen den arren, zaila da eramaten, egiten duzun saiakerak erantzunik ez duela ikustea gogorra da benetan. Urte bikaina izan dugu, hala ere, kideek izandako ardura eta esfortzuagatik: ikaragarria izan da entrenamendu guztietan erakutsi duten borondate indarra; eta lan onak izan ditu, azkenean bere fruitua.

"KIROL MINORITARIOA
IZANIK, PUBLIKOAREN
SARIA LORTU DUGU,
ETA OSO HARRO
GAUDE"

Urteko helburuak bete dituzuela esango zenuke?

Bete, eta baita gainditu ere. Helburu nagusia dominen arteko borrokan egotea zen, eta lortu egin dugu. Argi eduki dugu hasieratik ez dela beti irabazten, baina egunero entrenatzen eta saiatzeak badu bere meritu eta saria, eta guk, behintzat, nabaritu dugu hori. Maiatzean Valentzian jokatutako kyokushin txapelketatik lau txapeldunekin itzuli ginen, bakoitza bere kategorian: Xavier Varteniuc, Danel Izurrategi, Aratz Ezpeleta eta Aitor Madinabeitia.

Behin kurtsoa amaituta, hurrengora begira jarri behar. Zer duzue aurretik?

Datorren ikasturtean ere txapelketa asko ditugu. Azaroan Munduko Txapelketara joateko aukera izango dugu, Espainia mailan postu ona lortu dutenek joateko aukera dute, eta abuztuan entrenamenduekin hastea pentsatzen ari gara. Saioa Karate Klubeko sei kidek, behintzat, Europako Txapelketan parte hartzeko aukera izango dute, Espainiako lehiaketan goreneko postuak lortu baitzituzten: Xavier Varteniuc, Danel Izurrategi, Aitor Madinabeitia, Irati Izurrategi, Leire Valor eta Josu Madinabeitia.

Bestela ere, Gipuzkoa mailako eta Estatuko txapelketak ere izango dira; beraz, uztailean atseden hartuko dugu, baina berehala jarriko gara berriz ere martxan. Iraileko entrenamenduak abuztukoak baino gogorragoak izateko ideia dugu.

Bigarrenez Munduko Txapelketan lehiatzeko aukera izango duzue, ezta?

Bai; 2021ean ere egon ziren taldeko hiru lehiatzen: Leire, Danel eta Aitor. Polonian egin zen Munduko Kyokushin Txapelketan lehiatu ziren, hain zuzen. Aurten hiru horiek ere parte hartzeko aukera izango dute, baina eurena eta euren kideena da erabakia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak