Momentuz, ezingo dute Amaia antzokia zabaldu

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko eka. 22a, 11:27

Amaia antzokiko hormetako bat, hezetasunak janda.

Domeka arratsaldeko euri-zaparrada mardulen ondorioz, itoginak izan ziren antzokian eta pandero jaialdia bertan behera utzi behar izan zuten. Orain, kalteak kuantifikatzea dagokie perituei, baina "esku-hartze garrantzitsuak" egin beharko dituzte, ia seguru.

Itoginak atzeman bezain pronto, segurtasun neurriak hartu eta antzokia hustu behar izan zuten, eta ordutik itxita dago Amaia antzokia. "Zorionez, igandean ez zen kalte pertsonalik izan; bai, ordea, kalte materialak. Oraindik erabat kuantifikatu gabe badago ere, kalteak nabariak izan dira koadro elektrikoetan, ezkerraldean azken urteetan dagoeneko agerikoak ziren hezetasun arazoak zabaldu dira, eta eszenatokiko zorua kaltetua izango dela aurreikusten da hezetasunarekin batera", azaldu dute Udal Gobernuko ordezkariek. Gaineratu dute gaur-gaurkoz "hezetasun handia" dagoela antzokian eta, momentuz, ezingo dutela zabaldu.

Orain, kalteak aztertu eta kuantifikatzea dagokie aseguru etxeko perituei. Edozelan ere, Gobernutik aurreikusten dute "esku-hartze garrantzitsuak" egin beharko dituztela antzokia bere onera itzultzeko, eta "ezinbestekoa" izango dela antzokian hobekuntzak egitea. "Orain gertatutakoak urteetan konpondu gabeko arazoak kronifikatu ditu, eta haiei erantzuna eman beharko diegu", nabarmendu du.

Uda sasoia, gakoa

Kalteak sasoi honetan gertatu izanak bere alde ona ere izan du, udal ordezkarien arabera; izan ere, Amaia antzokiaren egitaraua asko murrizten da uda garaian eta programazio gehiena kalean egin ohi da. "Horrek aukera ematen digu kalteak kuantifikatzen joateko eta gertatutakoaren azterketa sakona egiteko. Modu horretan, uda garaiko impasse-a aprobetxatuko dugu kalteak ondo aztertu eta konponketak egiteko. Bide batez, sakoneko arazoak identifikatzeko aprobetxatuko dugu eta aurrera begirako esku-hartzea diseinatzen hasiko gara, Arrasatek merezi duen antzoki duina izan dezan".

Beste hainbat kalte ere bai

Amaia antzokian ez ezik, Kulturate eraikinean eta zenbait garajetan ere sartu zen ura, eta Uribarri eta Musakola auzoak ere kaltetu zituen. Azken hartan, erretiratuen etxean sartu zen ura, eta hango erabiltzaileek azaldu dute, gainera, ez dela lehen aldia. "Estoldak erabat zikin daude eta sekulako putzuak sortzen zaizkigu halako ekaitzak dauden aldiro. Ondo garbitu beharko lirateke estolda guztiak", azpimarratu zuten erabiltzaileek.

Data berriaren bila

Arrasate Trikitixa Eskolakoek esker mezuak izan dituzte jaialdiaren bueltan lanean aritzen diren guztiendako, eta aurreratu dute data berriaren bila ari direla dagoeneko. Sarreren dirua, berriz, erositako bide beretik bueltatuko diete herritarrei. "Ibai-arteko zozketan lortu duzuenok, gorde sarrera", diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak