Saioako lagunek egiten diharduten denboraldi "bikainaren" balioa nabarmendu dute herritarrek. Maiatzean Valentzian jokatutako kyokushin txapelketatik lau txapeldunekin itzuli ziren, nor bere kategorian: Xavier Varteniuc, Danel Izurrategi, Aratz Ezpeleta eta Aitor Madinabeitia. "Gimnasioan ipiniko dugu saria. Klubeko kide guztiek merezi dute aitortza honen zati bat. Oso harro gaude herritarrek emandako saria delako".
Saioako karatekekin batera, egon ziren beste hainbat protagonista, Arrasateko Udalak antolatzen duen ekitaldian. Izen propietako bat izan zen Karmelo Bergaretxe. Kirol Ibilbidearen Saria jaso zuen, Besaide Mendizale Elkartean urteetan egindako ekarpenarengatik. "Besaiden egin ditudan 40 urteetan nirekin batera ibili diren guztiek ere merezi dute sari hau. Lan handia egin dugu", esan du Bergaretxek.
Duela bost urte hasi ziren Sasoibideko lagunak eguenero irteerak egiten. Adin arte batetik aurrerako arrasatearrak aktibatzeko helburuarekin sortutako ekimena da, eta ordutik 68 irteera egin dituzte, bataz beste, urtero. Kirol ohitura onak izateko eta bizitza aktiboa mantentzeko ekimenari aitortza egin dio Udalak. "Ezustea izan da guretzat. Sorpresa polita. Duela bost urte martxan ipini genuen ekimenak zerbaiterako balio duenaren seinale da aitortza hau", esan dute taldeko kide Lorea Iregik y Margari Gorrotxategik.
Arrasateko Pirolitikak amen taldea 2022an hasi zen entrenamendu saioak egiten, eta ondoren etorri ziren lehenengo lagunartekoak. Proiektua gorpuzten joan da, eta iazko urrian Sitgesen egon ziren Mater Series torneoa jokatzen. Horregatik guztiagatik, Arrasateko Udalaren aitortza jaso dute. "Gure taldeak balio dezala beste edozein kirol diziplinatan amen taldeak sortzeko. Ahalduntzeko modu ederra da", esan du Belen Aranbarrik.