Maialen Axpe eta Isidro Leiva dira Federazioko ordezkariek pertikarekin Espainiako selekzioa ordezkatzeko aukeratu dituzten kirolariak, eta eurekin batera Espainiako atletismo erreferente nagusiak izango dira datorren asteburuan Silesian (Polonia). Europako Taldekako Txapelketan egongo dira, esaterako, Mohamed Katir, Adrian Ben, Pablo Torrijos eta Ana Peleteiro atletak, eta, esan moduan, Bedoñako atleta eurekin batera izango da. Txapelketa ekainaren 20tik 25era bitartean jokatuko dute.
4,45eko marka egin berri
Arrasatekoa marka pertsonalera gerturatzen dabil (4,50). Izan ere, joan den astean Espainiako Kluben Arteko Txapelketa irabazi zuen, 4,45eko marka eginda, eta salto hori, oraingoz, aire libreko Europako hamalau jauzi onenen artean dago –Irina Mikhaylova, Yelizaveta Bondarenko eta Anjuli Knascherekin berdinduta–. Tina Sutek esloveniarrak egin du, oraingoz, marka onena (4,76).