David Muñozen lekua hartuko du Garikoitz Nuñez legazpiarrak Mondrako aulkian. Eta erronka polita du aurrean, talde zuri-morea kategoria berrira egokitu beharko delako, eta ahalik eta azkarren galdutako maila errekuperatzen saiatu beharko direlako. Seguru, baina, entrenatzaile berriak beste lehentasun batzuk izango dituela orain, taldea ezagutzea, denboraldi-aurre on bat egitea eta harrobiko jokalariz osatutako proiektu sendoa egitea, presazko igoerekin itsutu barik.
Oñatin egon da, martxora arte
Gari Nuñezek martxora arte Aloña Mendi zuzendu zuen. David Zaitegi arrasatearraren laguntza izan zuen Azkoagainen, bigarren entrenatzaile moduan, eta talde oñatiarrean denboraldi hasiera txukuna egin bazuten ere, poliki-poliki egoera okertzen hasi zen eta konfiantza errekuperatu ezinik ibili ziren. Egoera zuzendu nahian, edo erreakzio baten bila, Aloña Mendiko zuzendaritzak entrenatzailea aldatzea erabaki zuen, eta Aritz Garmendia oñatiarrak hartu zuen taldea zuzentzeko ardura, baina hark ere ez zuen lortu Mondraren bide berbera egingo duen Aloña Mendi salbatzea. Hala, aurtengo denboraldian bi talde horiek kontrario zuzen izango dira, baina oraingoan, Nuñez Mondrakoen aulkian izango da.