Koalizio Gobernua osatzea aztertzen ari dira EH Bildu eta Elkarrekin Arrasate

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko eka. 15a, 09:32

Maider Morras eta Eva Abuin, osoko bilkuren aretoan, atzo.

Oraindik erabateko adostasunik lortu ez badute ere, "sintonia ona" dago bi aldeen artean, EH Bilduren esanetan. "Bi alderdi aurrerakoi izanik, ekimen askorekin bat egin dugu oposizioan egon garenean. Orain, koalizio Gobernua osatzeko aukera aztertzen ari gara".

Udal Gobernua osatzeko asmoz, alderdi guztiekin jarri da harremanetan EH Bildu eta, haien esanetan, Elkarrekin Arrasaterekin egin ditu aurrerapauso nabarmenenak. Hala, Maider Morrasen hautagaitza babestuko du Eva Abuinek, hura alkate izatea ahalbidetuz. Edozelan ere, oraindik ez dute argitu Abuin Udal Gobernuan sartuko den ala ez.

Beraz, koalizio abertzaleak ez du ezusterik espero zapatuko osoko bilkuran. "Aurreikuspen guztien arabera, Maider Morras Azpiazuk hartuko du alkate mandoa. Arrasatek bestelako udalgintza eredu baten alde egin du, herritar zein eragileen parte hartzea bultzatu eta elkarlana sustatuko duena, eta horretan aurkituko dute EH Bildu". Gainera, EAJk aurreratu du ez duela Maria Ubarretxenaren hautagaitza aurkeztuko osoko bilkuran.

EAJrekin egindako bilkuran zein PSE-EErekin egindako harremanean, "oposizioan kokatzeko asmoa" agertu dutela dio koalizio abertzaleak. "Gure aldetik elkarlanerako eskuzabal agertu gara, oposizioak baduelako funtzio eta betebehar garrantzitsua arrasatear guztion etxea den honetan", gaineratu du.

Jeltzaleek nabarmendu dute EH Bilduri ez dagokiola haiek egingo dutenaren berri ematea. "EAJk agintaldi berrian izango duen jarrerari buruzko adierazpenak egitea EAJri bakarrik dagokio, eta ez beste inori". Halaber, ez dute negoziazioei buruzko adierazpenik egin nahi izan eta adierazi dute orain arte izan dituzten harremanak Gobernu aldaketari dagozkionak izan direla nagusiki, aldaketa ahalik eta modu naturalenean gauzatzeko.

Alderdi sozialistarekin gero dute bilera, 16:30ean, baina Aritz Murua alkategaiak aurreratu du haiek oposiziotik egingo dutela lan. "Gure helburua da oposizio eraikitzaile bat egitea eta herriarentzat onak diren proiektuak babestea. Esaterako, Santa Teresako proiektuak asko kezkatzen gintuen, baina EH Bildutik esan digute aurrera eramango dutela, beraz, lasaiago geratzen gara".

Azkenik, "Arrasateko alkate berriak kargua hartuko duen egunean" udalbatzara joateko dei egin du Arrasateko EH Bilduk "udalbatza berriari ongietorria" emateko. Zapatuan izango da, 12:00etan, osoko bilkuren aretoan. Udal idazkariak Adinekoen Mahaia deituko du, zinegotzi gazteenarekin eta zaharrenarekin. Kasu honetan, EH Bilduko Andoni Arratibel izango da gazteena eta EAJko Bixente Etxeberria, berriz, zaharrena. Ostean, udalbatza berria osatuko duten 21 zinegotziek karguaren zina egingo dute. Azkenik, zumitzezko uztaia eskuz aldatuko da, ezustekorik ezean, Maria Ubarretxenaren eskuetatik Maider Morrasenetara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak