Andaluziarren koloreak hartuko du domekan Arruena parkea

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko eka. 13a, 17:27

Arruena parkean egin ohi dute Errozioko erromeria. Iaz hogeita hamargarren edizioa izan zen.

Errozioko erromeria egingo dute domekan Arruenan, hogeita hamaikagarrenez, Al-Andalus zentro kulturalaren eskutik. Egun osoko egitaraua prestatu dute eta aurten bi aste lehenago egingo dute, uztaileko lehen domekan Tourra pasako delako.

Uztaileko lehen domekan egin ohi dute Errozioko erromeria, baina aurten Frantziako Tourra pasatzen dela-eta, aurreratu egin behar izan dute. "Nola edo hala saiatu gara egun bat aukeratzen, eta lortu dugu. Ezin genuen onartu ospatu barik geratzea", azaldu du Salva Delgadok, Al-Andalus zentro kulturaleko presidenteak. "Izan ere, uztaileko bigarren asteburuan Mondra&-Roll jaialdia dago eta Arruena izango da kanpalekua. Bestalde, ekaineko azken asteburuan San Juan jaiak dira eta uztaileko hirugarren astetik aurrera ere ezin genuen egin, jende nagusi asko oporretan joaten delako. Beraz, pozik gaude, egun aproposa aukeratu dugulakoan".

Hala, domekan egingo dute eta egun aldaketaz gain, beste nobedadeetako bat da zaldirik ez dutela kontratatuko aurten. "Alokatu egiten genituen eta esan ziguten ezin izaten zutela asko ibili oinez, zolagatik. Hori dela eta, ordu eta erdiz erabiltzen genituen bakarrik, egun osorako kontratatzen genituen arren eta ia egun osoan geldi egoten ziren. Ez zen errentagarria eta geroz eta garestiagoa, gainera. Beraz, zaldiek jaia asko janzten duten arren, erabaki dugu gastu hori aurreztea", dio Delgadok.

Jendetza batu ohi da Errozioko erromerian eta aurten ere, Euskal Herri osoko hamalau zentro andaluziarrek hartuko dute parte. Izan ere, andaluziarren artean oso errotuta dagoen jaia da. "Bereziki adin nagusikoentzat, urte osoko egunik garrantzitsuenetakoa da; Al-Andalus zentroan antolatzen ditugun ekintza handiena, esango nuke. Haiek ez ezik, guk ere sentimendu handiz bizi dugu", nabarmendu du Delgadok.

Arrasatearrei, joateko deia

09:00etan hasiko dute eguna, kanpotik datozenei harrera eginez. Gero, salbea egingo du Barakaldoko Romero abesbatzak eta Al-Andalus zentrotik Santa Teresa elizarako bidea hartuko dute, han meza egiteko. Bukatzean, Arruena parkera joango dira, festari hasiera emateko. Hala, dantzez gain, Andaluziako jaki tipikoak dastatzeko aukera egongo da: urdaiazpikoa, txibiak, txokoak eta abar. Azkenik, Errozioko ama birjinari agurra eginez bukatuko dute jaia.

Aurten ere Errozioko jantziak eramateko eskaera egin diete parte-hartzaileei eta erromeriara joateko deia egin diete herritar guztiei. "Iaz, nabaritu genuen arrasatear gutxi egon zirela eta aurten gurako genuke gehiago izatea. Azken batean, egun polita izaten da; beraz, animatu daitezela gure festaz gozatzera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak