Goizeko 10:30ean hasi dira Arrasate Musikalen 50 urteak ospatzen; musika eskolako gaitero taldeak ireki du ekitaldia, egindako kalejiratxo batekin. Ostean Herriko Plazan bildu dira guztiak, eta ongietorria eman die beste herrietako musika eskolei, hala oparitxo bana jaso dute Aretxabaleta, Eskoriatza, Bergara eta Oñatititik hurbildu diren musika eskolek.
Ordu erdi beranduago hasi dituzte musika emanaldiak, Biteri plazan, Juan Arzamendi Musika Etxean eta Herriko plazan izan dira ekitaldi horiek: nerria izan da, hiru tokitan aldi berean musika ikuskizuna eskaini izana, baina ahalik eta artista gehienei eman nahi izan die aukera urteurrenean parte-hartzeko.
Kulturola azpian egindako paella-jan erraldoi batekin jarraitu dute eguna; eguerdiko ordubiak inguru batu dira Arrasate Musikaleko kide nagusi, haur eta gurasoak, eta bazkari herrikoi batekin segitu dute ospakizunarekin.
Egun osoko egitaraua amaitzeko kontzertu berezi bat eskaini dute Monterronen; ekitaldia zazpietan hasi den arren, lehenago bete da parkea. Banana Shake taldeak ireki du kontzertua, eta ostean 'The Potes' eta Arrasate Musikaleko Banda elkarrekin aritu dira eszenatoki gainean. 12 abesti jo dituzte batera, eta eguraldia lagun izanik primeran amaitu dute eguna.
Gaurko eguna berezia izan den arren, 50. urteurrena ospatzen jarraituko dute oraindik, eta abendurako beste ekitaldi bat prestatzen ari dira.