Seigarren urtez, San Juan jaietako hiru ekitaldi udaletxeko balkoitik ikusteko aukera egongo da jaietan: hilaren 17an egingo den haurren danborrada eta 23ko Errementari dantza eta nagusien danborrada.
Horretarako, izena eman behar da udal webgunean sartuta edo BAZ bulegora joanda: 16 urtetik gora izatea eta Arrasaten erroldatuta egotea da eskatzen dutena. Zortzi eta hamar tokiko zozketak egingo dira ekintza bakoitzeko: Haurren danborrada ikusteko: 10 tokiko bi (20 lagun); Errementari dantza ikusteko: 8 tokiko bi (16 lagun); Nagusien danborrada ikusteko: 8 tokiko bi (16 lagun).
Eskaera asko egonez gero, zozketa egingo dute ekainaren 16an. Aukeratuek ezingo dute parte hartu ekintza baten baino gehiagotan; horregatik, izena emateko orduan, herritarrek interes ordenaren arabera zehaztu beharko dute balkoitik zer ekintza ikusi gura duten.