140 gimnastekin agurtuko dute kurtsoa

Miren Arana Pagaldai 2023ko eka. 9a, 11:39
Arrasate Dragoikoak, 2022ko kurtso amaierako erakustaldian.

Bihar Uarkapen egingo den gimnasia eta aerobik erakustaldiarekin amaituko du urtea Arrasate Dragoi gimnasia taldeak. Kurtsoa agurtu arren, ekainaren 15 eta 18 bitartean Espainiako Txapelketan lehiatuko dira gimnasta arrasatearrak

Bihar emango diote amaiera ikasturteari Arrasate Dragoi gimnasia taldeko kideek. Urteari agur esateko, gimnasta guztiek parte hartuko duten erakustaldia egingo dute, Uarkapen; 11:30ean hasiko da eta, gutxi gorabehera, ordu eta erdi iraungo du ikuskizunak.

Guztira, 140 haur eta gazte aritu dira ikasturte osoan gimnasia erritmikoko eta aerobikeko taldeetan, eta, haietatik mutil bakarra egon arren, "aurrerapauso" txiki bat dela adierazi du Arrasate Dragoiko gimnasia erritmikoko irakasle Edurne Elkorok: "Taldean mutilen presentzia izatea garrantzitsua da; horrela, neskatoek ikusten dute kirol hori mutilek ere praktikatzen dutela; egia da Espainia mailan geroz eta mutil gehiago daudela, baina gurean azkena egon zenetik urteak pasa dira".

Emaitzak, gutxienekoak

Lortutako emaitzetatik harago, urtero balorazio positiboa egiten saiatzen direla argitu du irakasleak; eta aurten "nabarmentzeko momentu asko" daudela gaineratu du. Arrasate Dragoi gimnasia taldeak "indartsu" jarraitzen duela erakutsi du, beste urte batez: "Inoiz baino ume gehiagok eman zuten izena kurtso hasieran, eta kopurua mantentzea lortu dugu".

"GUTXIENEKOA IZAN
ARREN, LORTU DIRA
NABARMENTZEKO
EMAITZAK
TXAPELKETETAN"

Proiektu berriei ere ateak zabaldu dizkiete 2023 honetan, eta, Gasteizko Aerobic Biribildu klubarekin elkarlanean arituz, zortzi pertsonako aerostep espezialitatean talde bat sortzea lortu dute –Arrasateko lau eta Gasteizko beste lau–. Zortzikotea Turkiara abiatuko da azaroan, Europa mailako txapelketa batean parte hartzeko.

Gutxienekoa izan arren, lehiaketetan "nabarmentzeko emaitzak" izan dituzte: "Gipuzkoako Txapelketan infantil mailakoek hirugarren postua lortu zuten; eta aerobikeko taldea ere ederki dabil: Arrasate Dragoikoko gimnasta gehienek lehenengo postua lortu zuten Euskadiko Txapelketan, eta gutxi batzuek bigarren saria eskuratu zuten. Hala ere, berebiziko garrantzia ematen diogu aurten txapelketetan dugun gimnasta kopuruari, eta ez lortu dituzten emaitzei".

Txapelketei begira

Espainiako Txapelketan lehiatuko dira gimnasta arrasatearrak; normalean maiatzean izaten den arren, aurten hilabete bat atzeratu da lehiaketa, eta ekainaren 15 eta 18 bitartean jokatuko da; Arrasate Dragoiko irakasleak Espainiako Txapelketan lehiatzeko "itxaroten eta prest" daudela aurreratu du: "Aspaldi hasi ginen prestatzen, eta ohi baino beranduago da; beraz, txapelketa lehiatzeko prest gaude, eguna itxaroten".

Azaroan duten Europa mailako txapelketa "zerbait berria" dela adierazi du Edurne Elkorok, eta zaila izango dela gaineratu du: "Turkiako esperientzia "berria da denontzako, gastu handia da eta ez dira laguntza asko ematen. Horrez gainera, gimnasta batentzako sakrifizio handia da Europa mailako txapelketa batean parte hartzea; entrenamendu asko izaten dituzte eta Gasteizera joan behar izaten dute. Edozelan ere, oso pozik daude duten aukeragatik; horrenbestez, gu talde bezala ere pozik gaude haiengatik".

Gonbidatu bereziak

Zapatuan egingo den ikuskizuna –gimnasia eta aerobik erakustaldiak– Arrasate Dragoi gimnasia taldeak urtero antolatzen duen azken jaia izango da. Aurtengo emanaldiak berritasun bat izango du: kurtsoan zehar aritu diren gimnastez aparte, Turkiako Europako Txapelketara joango den aerostep taldearen muntaia ikusteko aukera izango dute herritarrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak