Espazio berriak “aro berri bati” ekarpena egitea nahi du EH Bilduk, "bertan proiektu, iritzi eta askotariko bizipen eta ilusioak batuz". Bilgune berria ikasturte berriarekin batera estreinatzeko asmoa dute: "Arrasateko ezker independentistok elkargune berria behar genuela identifikatu genuen, hitz egin eta entzuteko, eman eta jasotzeko espazioa bat, eta buru-belarri jarri ginen lan horretan 2022an. Izan ere, datorren ikasturtean aro berri bati ekin gura genion, jakitun hauteskundeetan gertatzen zena gertatuta, EH Bilduren proiektua indartzeko espazio berri, duin eta irekia behar genuela. Horren emaitza izan zen Bilgune berria eraberritzeko proiektua”.
Zurgin kantoian kokatzen den Lagunilla tabernak ia hamarkada bat darama itxita, eta Bilgunea egiteko obren baimenak 2022ko abenduan eskatu bazituzten ere, apirilean hasi zituzten eraberritze lanak: "Lagunilla izan zenaren espazioa berreskuratu eta eraberritzea helburu bikoitza izan da guretzat, alde batetik erabiltzeke zegoen espazio bat bizitzaz
eraldaketarako ilusioz betetzea, eta bestetik, EH Bilduren proiektua erdigunean eta kalean kokatzea, herritarrekin harreman estuan", azaldu dute EH Bildutik.