Udalak jakinarazi duenez, Gesalibar auzotik sartuko da lasterketa Arrasatera, eta Markuleteko biribilguneraino joango dira txirrindulariak. Hortik, herrirantz egingo dute Uribarri etorbidetik. Zarugalde kalea hartu eta Muxibarko biribilgunetik pasatuta, Otalora Lizentziatua kalea igaroko dute. Maalako biribilgunean, berriz, Gipuzkoa etorbiderantz egingo dute parte hartzaileek, eta San Isidro baseliza igarota, GI-627 errepidea hartuko dute Elorregiko noranzkoan.
Debekatua dago aparkatzea
Ohartarazi dutenez, lasterketa pasatzen den lekuetan –Uribarri etorbidea, Zarugalde eta Otalora Lizentziatua kaleak eta Gipuzkoako etorbidea– ezingo da ibilgailurik aparkatu uztailaren 1eko 14:00etatik aurrera. Are, autoren bat aparkatuta egon ezkero, kendu egingo dute bertatik. Beraz, gomendatu dute egun horietan Markuleteko ingurune industrialean ez ezik, Loramendi, Erguinarro, Zubikoa, Bidekurtzeta, Osiñaga eta Etxagibel kaleetan aparkatzea.
Boluntario bila dabiltza
Horrez gain, gogorarazi dute Tour Lagunak taldea osatzeko boluntario bila dabiltzala, eta horretarako Arrasateko Udaleko webgunean eman daitekeela izena.