Ibilgailu klasikoen topaketa egingo dute, bosgarrenez, Arruena parkean, Goiena Classic Club elkarteak antolatuta. Elkarteko presidente Kaiet Martinek azaldu duenez, parte hartzeko, hainbat baldintza bete beharko dituzte ibilgailuek, nagusiki bat: "Klasikoa izateko, legez, 30 urte izan behar dituzte, baina guk 25 urtetan mantendu dugu. Hala ere, kartelean jarri dugu onarpen-eskubidea mugatua izango dela, parkeko espazioagatik. Beraz, auto batzuk kanpoan geratu daitezke".
Izen-ematea doakoa da eta egunean bertan egingo dute. Aurten ez dute bazkaririk egingo eta ez dute parte-hartzaile kopurua aurreikusteko hainbeste beharrik, aurreko urteetan moduan. Izena ematen duten lehen 100 parte-hartzaileei, gainera, Goiena Classic Clubeko kamiseta eta pegatina bana oparituko diete.
Izena eman ostean, 09:30ean sartuko dituzte ibilgailuak Arruena parkera eta bi orduz ikusgai egon ostean, 11:30ean, irteera bat egingo dute inguruko errepideetatik. "Asmoa da jendeak autoak martxan ikustea eta ez egotea goiz osoan geldi, aparkatuta", dio Martinek.
Beste ordubetez autoak ikusgai egon ostean, 13:30ean, opariak zozkatuko dituzte parte-hartzaileen artean. "Hainbat babesle ditugu eta horiek opari txiki batzuk ematen dizkigute. Auto klasikoei lotutako opariak izaten dira: pneumatikoak, urtebeteko segurua eta abar". Horren harira, babesleei eskerrak eman dizkie elkarteko presidenteak. "Horiek gabe ezin dugu ezer egin. Halako ekintza bat egiteko dirua behar da eta eskertzen dugu haiek ematen diguten laguntza".
Horrekin batera, crawler eta RC ibilgailuak, miniaturak, arropak, musika eta barra ere jarriko dituzte. 11:00etatik 14:00etara, halaber, pedalekin funtzionatzen duten kart batzuk ere jarriko dituzte, umeendako. "Topaketa guztietan jartzen ditugu. Familia asko etortzen dira umeekin eta haiendako entretenimendu bat egotea da asmoa".
Lau urteko etena
2019an egin zuten azkenengoz topaketa. Martinek azaldu duenez pandemiak eragin du horretan, baina ez pandemiak bakarrik. "Halako ekintzak prestatzeak lan handia dauka atzetik eta geroz eta jende gutxiago dago horretarako prest. Bestalde, Udalaren partetik ere ez dugu jaso behar beste laguntza".
Gaur egun, hamabost bazkide ditu Goiena Classic Club elkarteak eta Arrasateko topaketaz gain, Aretxabaletakoa ere antolatzen dute. "Udalari presio egiteko asmoz sortu genuen taldea, auto klasikoen zergak jaisteko, baina ez genuen lortu. Gasteizen, esaterako, auto klasikoen elkarteko bazkide bazara, zergaren %25 ordaintzen duzu bakarrik, baina Arrasaten, auto klasikoen zerga %100 ordaintzen dugu, ez dugu hobaririk jasotzen. Erantzuna da asko kutsatzen duten autoak direla, baina ez zaigu justua iruditzen, oso gutxitan erabiltzen diren autoak direlako. Gehiago kutsatzen dute egunero errepidean ari direnek". Bukatzeko, nabarmendu du topaketa hauek jende asko erakartzen dutela, baina Udalak ez duela hori baloratzen.