Maddalen Iriarte: "Igandean herritarrek esandakoa entzun egin beharko lukete"

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko eka. 4a, 11:10

Maddalen Iriarte berbetan, Kulturateko klaustroan. (Argazkiak: EH Bildu).

Gipuzkoako EH Bilduk, Maddalen Iriarte buru, ekitaldi politikoa egin zuen atzo Arrasaten. Maiatzaren 28ko hauteskundeetako EH Bilduk jauzia eman duela esan zuen. Aurrera begirako izendapenekin lotuta azpimarratu zuen "aulki jokoan hasteko minutu bat bera ere" ez dutela galdu batzuek.

EH Bilduko Gipuzkoako diputatugai nagusi Maddalen Iriartek Gipuzkoako hainbat herritako alkategaien aurrean egin zuen berba atzo Arrasateko Kulturateko klaustroan. Maiatzaren 28ko hauteskundeetan lortutako emaitzak goraipatu eta hitza eman moduan EH Bilduk jauzia eman duela esan zuen.

Zenbait alkatetzaren eta Gipuzkoako diputatu nagusiaren izendapenarekin lotuta esan zuen formula zaharrek jada ez dutela balio eta momentu honetan ez dagoela ezer idatzita Gipuzkoan. "Astebete besterik ez da pasa hauteskundeak irabazi genituenetik eta nahikoa izan da batzuen eta besteen jarrerak argitzeko. Kanpainan zehar gobernantza kolaboratiboaz eta jendearen bizitzak hobetzeko politiken inguruan aritzen ziren berdinak aulki jokoan hasteko minutu bat bera ere ez dute galdu. Igandean herritarrek esandakoa entzun egin beharko lukete. Formula zaharrek jada ez dute balio eta momentu honetan ez dago ezer idatzita Gipuzkoan".

Gehiago esan zuen Iriartek: "Maiatzaren 28ko hauteskundeetan herritarrek jarri gintuzten toki berdinean gaude gu. Gaude proposamenetan eta lehen indarra izateak daukan erantzukizunean. Gipuzkoan gobernu zabal eta aurrerakoia osatzeko eta eratzeko eskua luzatua dugu. Gutxieneko programa baten baitan egin nahi dugu, gainera; edukien baitan –lurraldearen garapena, zaintzaren eraldaketa, ehun industrialaren sustapena, etxebizitza, garraioa, euskara eta kultura, politika fiskala, ipar Euskal Herriarekin harremana… Eskaintza egina dugu eta mezua argia da; gipuzkoarren bizitzak hobetu eta Gipuzkoa lehen mailako herrialdea izan dadin lan egitea. Hor dago EH Bildu eta hor aurkituko nauzue ni".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak