Gizonezkoetan, Elorrio, Bera Bera, Eibar, Durango, Hernani eta ART aritu ziren, Euskadiko 18 urtez azpiko selekzioarekin batera. Emakumezkoetan, aldiz, Ordizia, Hernani, Bera Bera eta Eibar/ART. Lehenengoen finalean, Hernanik 6-0 menderatu zuen Euskadiko 18 urtez azpikoen selekzioa eta bigarrenetan, berriz, Bera Bera 3-1 nagusitu zitzaion Hernaniri.
Edozelan ere, kirol emaitza ez da garrantzitsuena txapelketa horretan, berriro egin ahal izatea eta taldeek parte hartzea baizik. "Garai batean, Euskal Herritik kanpoko taldeak ere etortzen ziren eta bazuen bere sona zazpiko txapelketak. Hala ere, azken urteetan ez da antolatu eta inportantea da berriro egin ahal izan dugula, parte-hartze politarekin, gainera", azaldu du Ihabar Arriaranek, ARTko kideak.
Denboraldia amaituta, festa moduan hartzen dute zazpiko txapelketa, kirol arloari baino, arlo sozialari garrantzia emanez. "Karpan ez ezik, Mojategira ere jende dezente etortzen da errugbiaz gozatzera eta hori ere bada gure helburuetako bat, errugbia kalera atera eta jende berria erakartzea, klubean izena emateko". ARTko beteranoek Gaztediren aurka jokatutako partidua ere bide horretan kokatzen dute.
Garagardo Azoka ere modu positiboan baloratu du Arriaranek. "Jende asko joan da karpara egun hauetan eta hori inportantea da guretzat, diru-sarrera esanguratsu bat delako, urtean zehar ekintzak egin ahal izateko".