Beteranoak goizean eta zazpikoa arratsaldean

Xabier Urtzelai 2023ko eka. 2a, 14:00

Garagardo Azokarekin batera ARTk egun osoko errugbi jaia antolatu du zapaturako Mojategin. Goizean herensugeek lagunarteko partidua jokatuko dute eta arratsaldean (16:00) emakumezkoen eta gizonezkoen seina talde izango dira zazpiko torneoan.

Garagardo jaiarekin eztarria freskatu bai, baina horrekin batera egunotan egongo da izerdia botako duenik. Izan ere, Arrasate Rugby Taldeak hainbat kirol hitzordu prestatu ditu egunotarako. Batetik, atzo, eguena, azokako ateak irekitzearekin batera, MUko lagunekin batera herri kirol probak egin zituzten Arrasateko plazan. Errugbi partiduak, baina, zapaturako utzi dituzte. Goizean, beteranoek lagunarteko partidua jokatuko dute Mojategin, 12:00etan hasita, Gaztediren kontra. Ondoren, bi taldeek elkarrekin bazkalduko dute Herriko Plazako karpan.

Esfortzuak banatuta

Arrasateko ordezkariek ez dute lan makala izango; izan ere, zelaian eta karpako barra atzean eman beharko dute asteburuan neurria, eta torneoa jokatzearekin batera lan txandak egin beharko dituzte Garagardo Azokan: "Bai, guretako asteburu betea izaten da, baina, zorionez, lantalde sendoa dugu eta denera iritsiko gara, seguru, aurreko urteetan egin dugun moduan. Asteburu berezia da hau klubarendako". Eta, torneora begira ARTko entrenatzaileak faboritoak ere nabarmendu ditu: "Uste dut faboritoak Bera Bera eta Hernani direla; seguruenik, eurek ekarriko dituzte talde indartsuenak".

Partiduak bi zelaietan

Esan bezala, partiduak 16:00etan hasiko dituzte, Mojategiko bi zelaiak erabiliko dituzte zazpiko formatuan jokatzeko eta aurreikuspena da 19:00 aldera amaitzea: "Ondoren, karpara joango gara denok hirugarren denbora egitera, eta sariak banatuko ditugu han".

Garagardo Azoka, atzotik zabalik

Atzo, eguena, zabaldu zituzten Garagardo Azokako ateak, eta zapatu goizaldera bitartean ARTko lagunak arrasatearren gose eta egarria asetzen saiatuko dira: 2.300 garagardo litro dituzte salgai, beste 600 garagardo botilatxo, 576 txerri-ukondo, 220 oilasko eta 1.300 saltxitxatik gora, hain zuzen ere. Egunero 19:00etan irekiko dute karpa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak