Realeko jokalari ohiak bost denboraldi egin ditu Zipren. Arrasatekoak Zaragozatik hartu zuen Ziprerako bidea, 2018-2019 denboraldian, eta urte hauetan taldeko erreferenteetako bat izan da, bigarren kapitain moduan. Gaur arratsaldean jakinarazi du klubak Arrasatekoak ez duela taldean jarraituko, eta urte hauetako lana eskertu diote: "Larnacako Kition Athletic Union-ek (AEK) jakinarazten du gure taldeak Mikel Gonzalezekin duen lankidetza ez dela berrituko. Erdiko atzelariaren ibilbidea erabat emankorra izan da gure taldean egin dituen bost urteotan, eta hori izan da bere futbol ibilbide oparoaren azken etapa. Mikel 2018ko udan etorri zen taldera, eta ordutik 143 partida jokatu ditu lehiaketa guztietan. Guztira 3 gol egin ditu, eta azkena esanguratsua izan da, Omoniaren aurka lortu berri duena. Kapitainak ekarpen handia egin dio gure taldearen ibilbideari etxeko lehiaketetan eta baita Europako ibilbideari ere amaitu berri den denboraldian. Lehen unetik nabarmendu zen futbol jokalari gisa, baina hortik harago, taldekide eta aurkari guztientzat eredugarri izan da. AEK-ko familia osoaren errespetu eta estimua irabazi ditu. Horregatik, gure taldearen atea zabalik egongo da beti. Mikelen kalitate eta izaera duten pertsonei ez diegu inoiz agur esaten, geroarte baizik".
Hain zuzen, ligako azken jardunaldian AEK Larnacak 0-2 irabazi zion Omoniari, eta Arrasatekoarena izan zen arratsaldeko bigarren gola. Hala, Zipreko taldeak hirugarren postuan amaitu du liga, eta Europa Conference Ligarako sailkatu dira.