Urtero moduan, 23. Garagardo Azokako karparen ateak ostegunean zabalduko dituzte, 19:00etan, hain justu ere. Horixe izango da irekiera ordua egunero, eta bertara gerturatzen direnek mota askotariko garagardoak dastatzeko aukera izateaz batera, sabela bapo betetzeko aukera ere izango dute. Ohi moduan, musika ere ez da faltako giroa alaitzeko, tartean AZ Gaubelak taldearen emanaldiarekin.
2.300 litro garagardo, gertu
Arrasate Errugbi Taldetik jakinarazi dute honezkero 2.300 garagardo litrotik gora zain daude arrasatearren egarria asetzeko, eta, horrekin batera, beste 600 garagardo botilatxo. Jakiei dagokionez, klub zuri-moreak 1.800 ogi, 576 txerri-ukondo, 220 oilasko, 1.300 saltxitxatik gora eta 14 patata kaxa erosi ditu, eta dena prestatuko dute momentuan, Herriko Plazako karpan. "Kopuruak iazkoaren antzerakoak dira", adierazi du Arrasate Errugbi Taldeko presidente Ramon Barrutiak.
Garagardoa bai, baina errugbia ere bai
Ohi moduan, kirolak ere bere tartea izango du 13. Garagardo Azokaren baitan eta, zentzu honetan, egueneko jardunaldian, Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean, herri kirolak izango dira Herriko Plazan. Egun horretan bertan ere, eta tradizioari eutsiz, udal ordezkariek karpan bertan afalduko dute.
Dena den, kirolak, eta kasu honetan errugbiak, bere protagonismorik handiena zapatuan izango du. Goizean beteranoek lagunarteko partidua jokatuko dute Mojategin, 12:00etan hasita, Gaztediren kontra. Ondoren, bi taldeek elkarrekin bazkalduko dute Herriko Plazako karpan. Arratsaldean, 16:00etatik aurrera, zazpinako txapelketaren txanda izango da. Oraindik talde guztien izen-ematea itxi barik baldin badago ere, gizonezkoetan Hernani eta 18 urtez azpiko
Euskal Selekzioa izango dira bisitari, besteak beste. Emakumezkoetan, berriz, Hernani edo Bera Bera moduko taldeek hartuko dute parte.