Lore Gazteak taldeko beteranoen dantzaldia zapatu eguerdian

Hasier Larrea 2023ko mai. 25a, 17:05

Hilaren 27an, 13:00etan, betidanik dantza egin duten hamar lagun "gozatzera" irtengo dira Herriko Plazara. Hamar euskal dantza eskainiko dituzte, eskualde desberdinetakoak.

Dantzak adinik ez duela iritzita, duela lau urte hasi ziren Lore Gazteak dantza taldean hazitako hamar lagun inguru berriz ere elkartzen; oraingoan, euren buruei beterano etiketa jarrita: "Ordutik, hiru saio egin ditugu jendaurrean, guztiak santamasetan, baina iruditzen zitzaigun entseguei jarraipen handiagoa eman behar geniela, plazara urtean behin baino gehiagotan irtenda", adierazi du Nagore Ipiñak, taldeko kideak.

Hala, hamar euskal dantza jorratuko dituzte, txistularien doinuak lagun. Zer egingo duten galdetuta, hona hemen Ipiñaren erantzuna: "Txikitatik landu izan ditugun dantzak, baina baita guretzat berriak direnak ere. Eta Euskal Herriko txoko guztietakoak: Nafarroakoak, Iparraldekoak, Gipuzkoakoak... Garapenaren eta nahasketaren alde egin dugu". Hauetxek dira dantzatuko dituzten piezak: Agurra, Iparraldeko polka eta fandango makilekin, Burlatako  Jota de la Nogalera, Zuraideko makil jokoa, Habanera Cortesko txirikorda bikoitza, Bralea, Balduengoko makil jokoa, eta Fandango eta arin-arina.

Taldeak ateak zabalik dituela ere nabarmendu gura izan du, jendea animatzea eta motibatzea ere badelako erronka: "Kulturolan entseatzen dugu, eta aurten hasiberri bat animatu zaigu; hark entseatzen du gehien".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak