Zaintzen politikak "erdigunean" jartzea defendatu du Arrasateko EH Bilduk

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko mai. 25a, 13:10

Jasone Giraldo eta Maider Morras, hainbat herritarrekin.

EH Bilduk antolatuta, dozenaka lagun batu ziren atzo Juan Arzamendi Musika Etxean Zaintza Sistema izenburupean egindako solasaldian. Iñaki Barrutiak gidatuta, Maider Azurmendi izan zen saioan, Matia Fundazioko Kooperazio Arduraduna eta etxeko arreta eremuko koordinatzailea. Ondoren, arlo horretarako dituen proposamenak azaldu zituen koalizioak.

Bi gai nagusi izan dituzte jomugan solasaldian: pertsona nagusiak eta zaintza. "Badakigu zaintzarena ez dela soilik pertsona nagusiei dagokien eremua, bizitzako fase guztietan modu desberdinetan zaintza beharrak izaten ditugu pertsonok, zaintzeko ardura ere badagoen bezala", azaldu dute.

Solasaldiaren ostean, koalizioak Arrasaterako dituen neurrien berri eman du. Jasone Giraldo zerrendakideak hartu du hitza, eta zaintzaren erronkari "Udal politiketatik" heldu eta "pertsona nagusiak ere herriko dinamika politiko eta sozialaren protagonista gisa" aintzat hartuko dituztela nabarmendu du. Horretarako hainbat neurri proposatzen dituzte:

  • Nagusien kontseilua sortzea
  • Cohousing proiektu publiko komunitarioa: gazteen emantzipatzeko ezintasuna, eta adineko pertsonen bakardadeari aurre egiteko.
  • Zaintzaileak zaindu:
    • Ordaindutako zein ordaindugabeko zaintzaileak babesteko programa.
    • Zaintza lanen eta horien erantzukizunen banaketa erantzukidea sustatzeko: sentsibilizazio eta prestakuntza kanpaina.
    • Zaintza eta etxeko langileentzako eta kontratatzaileentzako aholkularitza eta bitartekaritza zerbitzu publikoa eta doakoa.
    • Zaintza lanak egiten dituzten enpresen klausulak berrikustea eta beste eredu batzuk sortzeko aukera aztertzea.
    • Arreta soziosanitarioko doako formakuntza etxeko langileentzat
  • Zaintza sare komunitarioak osatzeko adin, kolektibo eta eragile desberdinen arteko espazio komunak lantzea.

Udalgintza zeharka ulertzeko eta eragiteko beharraz mintzatu da Maider Morras eta nagusien politikak, "beste politika batzuen antzera", batzorde ezberdinetan lantzeko beharra eta aukera ikusi du. Horretarako dituzten proposamenak honako hauek dira: auzoetan irisgarritasuna hobetu eta udal zerbitzuak gerturatu, zahartzaro aktiboa sustatuko duen kirol politika eta azpiegiturak egin, feminismoetatik egingo den lana edo eta mugikortasunari lotuta herri barruko zein eskualdeko konexioei dagokien autobus lineak berrikusi eta zerbitzu hobeagoa eskaintzeko eragileekin lan egin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak