Kulturola eta Juan Arzamendi Musika Etxearen ondoren, Monterrongo parkeko agertokia eta harmailak berritzeko konpromisoa hartu du Arrasateko EAJk. "Gure herriaren erdigune historikoan dugun espazio naturala eta aire zabalekoa paregabea da eta etekina atera nahi diogu. Espazioaren egokitzapen garrantzitsua egingo dugu, ekitaldi soziokulturaletarako erabilera zabaldu ahal izateko", dio Maria Ubarretxena alkategaiak.
Arrasate "bizirik" nahi dutela gaineratu du. "Harro gaude daukagunaz eta egiteko gai garenaz, eta harro gaude aktiboki parte hartzen duten herritarrez. Arrasate ekitaldien erakusleihoan jarri behar dugu orain eta, horretarako, ekitaldien kudeaketa indartu eta udalerrira hitzordu interesgarriak ekartzeko lan egingo dugu".
Kultura eragile gehienak Kulturolan kokatu direnez, Ubarretxenarentzat "funtsezkoa" da hainbat diziplinen arteko aliantza-sare bat sortzea eta, batez ere, kultura-sorkuntza sustatzea eta babestea. "Baliabide publikoak izango ditugu erronka berri horiei aurre egiteko".
Tourraren inpaktuaz
Halaber, Frantziako Tourra Arrasatetik pasatzen dela baliatuz, zera adierazi du: "Zer egiteko gai garen erakusteko aukera paregabea da. Gure udalerria, zer garen, gure kultura eta gure ondarea zabaltzeko aukera aparta. Halako ekitaldiek beti dute onura bat herriarentzat, ekonomikoki interesgarria dena. Ekitaldi handiek eta baita horren handiak ez direnak ere. Adin guztietarako ekitaldiez ari naiz. Entretenitu, ekonomia bultzatu eta kaleetan dinamismoa sortzen dutenak".