AEDren 40. urteurrena batzen duen erakusketa jarriko dute ikusgai ekainaren 1ean

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko mai. 23a, 13:07

Erakusketan agertuko diren hainbat irudi (Argazkia: AED).

Azaroaren 29an 40 urte beteko ditu Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteak eta, horren harira, AED, 40 urte Arrasate euskalduntzen erakusketa zabalduko dute Kulturateko klaustroan ekainaren 1ean. Halaber, bisita gidatu irekiak ere egingo dituzte eta aurrez eman beharko da izena parte hartzeko.

40. urteurrena merezi duen moduan ospatzeko asmotan dira AED elkarteko kideak eta dagoeneko hasi dira horretan. Izan ere, prest daukate elkartearen ibilbidea laburbiltzen duen erakusketa. "Elkartearen urteurrena aukera aproposa iruditu zaigu herritar guztiei, oro har, baina, batez ere, belaunaldi gazteenei zein euskarara hurbildu berriei euskara elkarteen mugimendutik Arrasate euskalduntzeko egin dugun lanaren berri emateko", diote elkartetik.

Ekainaren 1etik 22ra arte egongo da ikusgai erakusketa, Kulturateko klaustroan, ohiko ordutegian. Inaugurazioa hilaren 1ean egingo dute, 19:00etan, klaustroan bertan. "Hara gonbidatzen ditugu urte hauetan guztietan bidelagun izan ditugun erakundeak eta herritarrak".

Bi atal nagusi izango ditu

Erakusketak bi atal nagusi izango ditu. Batetik, 1983an AED eratu zutenetik elkartearen eta elkarteko lantalde gisa sortutako beste elkarteen bilakaera jasoko du, askotariko panelen eta argazkien bitartez.

Bigarren atala, aldiz, 40 urteotan egin dituzten ekintzak iragartzeko prestatutako dozenaka kartelek osatuko dute, "elkarteen lanaren erakusle ez ezik, kartelgintzan eman den bilakaeraren eredu ere izango dena".

Halaber, Udal Bibliotekak AEDri eskainiko dio lehen solairuko "interes gunea" deiturikoa. Hor, AEDri buruzko dokumentuak, elkartetik sortutako argitalpenak zein Arrasateko euskarari eta toponimiari buruzko lanak jarriko dituzte, besteak beste, herritarren eskura.

Erakusketaren baitan, bisita gidatu irekiak ere eskainiko dituzte ekainaren 6an, 13an eta 20an, 18:30ean. Era berean, taldeentzako bisita gidatuak egiteko prest ere azaldu dira elkarteko kideak. Bisita horiek jasotzeko, baina, izena eman beharko da aurrez, aed@aedelkartea.eus helbidera idatzita edo 943 77 12 28 zenbakira deituta.

Materiala ere salgai dute

Urteurreneko materiala ere salgai dute dagoeneko, Egindakoaz harro, goazen haratago! lema ardatz hartuta: heldu zein umeentzako kamiseta teknikoak, poltsak eta ur-botilak. Eguenetan eta egubakoitzean Portaloian jarriko dute mahaia, 18:00etatik 20:00etara, eta online erosteko aukera ere badago.

Udazkenerako, egitarau oparoa

Hainbat ekintza prestatzen ari dira udazkenera begira, eta inaugurazioan egingo dute horien aurrerapen bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak