Monterron industria-ondarearen eta kooperatibismoaren erreferente izan dadin gura du EAJk

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko mai. 22a, 15:05

Maria Ubarretxena eta Jon Apraiz hautagaiak, Monterron atzean dutela.

Arrasateko EAJ-PNVk Monterron Jauregia berritzeko konpromisoa hartu du, "Euskadiko industria-ondarearen eta kooperatibismoaren erreferente bihurtzeko". Modu horretan, "turismo iraunkorra eta kooperatibista" bultzatu nahi dute.

Maria Ubarretxena alkategaiak nabarmendu du "harro" daudela Arrasateren historiaz, eta horri leku bat egin nahi diote. Hori dela eta, Monumentu Historiko Artistiko izendatua dagoen XVIII. mendeko eraikinari "bizitza berri bat" ematea da haien asmoa, "historia industrial eta kooperatibistari balioa emanez eta baliabide turistiko gisa formalizatuz".

Hala, jauregian industria nortasunari eta kooperatibismoari buruzko museo interaktibo bat kokatzea aurreikusten dute, Arrasateko industria-ondarearen erakusketa-areto batekin. "Gune horretan, udal biltegietan gordetzen den materiala batuko genuke, Arrasateko enpresa enblematikoena dena, hala nol,a UCEM, Elma, Fagor eta abar", zehaztu du Ubarretxenak. "Halaber, Mondragon Korporazioko enpresa kooperatiboen sustatzaile Jose Maria Arizmendiarrietaren bizitza eta obra jasoko genuke".

Museoaz gain, turismo bulego bat eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren jarduerak hartuko lituzke jauregiak. "Nazioarteko ospeak eta ekosistema kooperatiboaren garapenak Arrasate Euskadiko enpresa-korporazio garrantzitsuenaren egoitza bihurtu du, industria, finantza, banaketa komertzial, hezkuntza eta ezagutzako jarduerekin. Hori guztia eta horren berezitasun soziala potentzial handiko mobilizazio turistikorako erakargarriak dira", dio Ubarretxenak.

Bestelako jarduera batzuk ere bai

Azkenik, ekitaldiak, unibertsitate-eremuarekin lotutako jarduerak, hitzaldiak eta erakusketak hartzeko gune bat ere izango luke jauregiak, eta bisitari ugari hurbilduko lirateke. "Izan ere, urtero 2.000 bisitari izaten ditugu", azaldu du hautagai jeltzaleak. "Era berean, sinergiak sortu nahi ditugu erreferentziazko eta interes turistikoko leku berri honen eta Arrasaten eta Debagoienean ditugun erakargarritasun artistiko-monumental eta naturalen artean". Horrekin, era berean, udalerriko ostalaritza eta merkataritza ere sustatuko luketela dio Ubarretxenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak