Arrasateko Ttakun Txalaparta taldearentzat urte berezia baita 2023a, elkartea sortu zutenetik 30 urte pasa baitira aurten. Kideei interesgarria iruditu zaie urteurreneko egitarauari Udalatxparta ekimena gehitzea. Izan ere, 2014tik dihardute herritarren eskutik txalaparta mendi gailurretara eramaten Mendiparta ekimenaren bitartez: "Lehen gailurra Udalatxekoa izan zen eta 50 pertsonatik gora parte izan zituen; ordutik beste mendi batzuk ere izan dira ekimenaren lekuko: Kurtzetxiki, Atxorrotz, Asentziomendi, Durakogain, Muru…", adierazi dute taldekideek.
Sare sozialetan zabaltzeko mezua
Hortaz, bederatzi urteren ostean Arrasateko punturik altuenean joko dute musika-tresna preziatua. Zapatuan, hilak 27, 12:00etan puntuan izango da hori, eta herritarrei adi egoteko deia egin diete: "Ea Arrasateko txoko ezberdinetatik entzuten diren txalaparta doinuak. Haizeak laguntzen badu, agian Udala, Kanpanzar, Besaide, Arrasate edo Elorriotik entzuteko aukera egongo da. Beraz, herritarren aldetik Instagram edo Facebookeko kontuetan entzundakoren berri ematea eskertuko genuke", azaldu dute antolatzaileek.
Mendi ibilaldian parte hartzera animatzen direnek zain izango dute hamarretakoa tontorrean, eta Udalatxen historiari buruzko berbaldia ere entzun ahal izango dute gora iritsi bezain pronto, Besaide Mendizale Elkarteko kideek dinamizatuta. Noski, txalaparta astindu nahi duenak, horretarako aukera ere izango du.
Urteurren borobilaren harira, aurreratu dute uda ostean "txalaparta festa" ospatuko dutela Arrasateko kaleetan zehar. Gogoratu dute, era berean, taldeak urteurreneko kamiseta, jertse eta poltsak jarri dituela eskuragarri; eskaria ttakuntxalaparta@gmail.com helbidera idatzita egin behar da.