Saguzarrak izar Natura Jolasean ekimenean

Miren Arana Pagaldai 2023ko mai. 21a, 18:01

70 haur eta guraso inguru animatu dira 'Natura Jolasean' ekimenak antolatutako txangora. 'Ziorlako balkoian' agurtu dute aurtengo zortzigarren edizio "arrakastatsua"

Zortzigarrenez jarraian antolatu dute Arrasateko zenbait elkarte desberdinek  Naturan Jolasean ekimena. Leintz Eskola Kirola, Besaide Mendi Elkartea, Gaztetxeko Guraso eta Haur Asanblada, Udalako Ingurumen Eskola, Guraso.eus, Naturtzaindia eta Txatxilipurdiren elkarlanari esker, beste urte batez guraso eta haurrek naturarekin kontaktuan jarri eta ikasteko aukera izan dute.

Azken bi asteetan eguraldia "lagun" izan ez arren, proiektuarekin aurrera jarraitu dute eta atzo, zapatuan, Ziorlako balkoira txangoa egin zuten saguzarren eta izarren inguruan irakurri eta ikasteko. Hasierako plana bertan lo egitea bazen ere, azkenean helburua bete ostean bakoitza bere etxera joatea erabaki onena zela pentsatu zuten: "Erdizka bete dugu egitaraua; baina helburua naturarekin kontaktuan jartzea zen, eta hori bete dugu mendira igotzean. Azken bi asteetako eguraldia ikusita, jaistea erabaki onena zela pentsatu genuen eta hala aurtengo ekimenari amaiera ematea", azaldu du Udalako Ingurumen Eskolako Naiara Corcuerok.

18:30etan batu ziren izena eman zuten guztiak Biteri plazan, 70 haur eta guraso gutxi gora behera; eta 19:30tarako Ziorlako balkoian zeudenez 21:00ak arte jolasteko denbora izan zuten. Afal ostean, 21:30ak aldera, Saguzarrei buruz aritu ziren hizketan, eta zerua lainotuta zegoenez izarrak ikusteko aukerarik izan ez arren, izarren inguruan ere aritu ziren. 22:30ak pasata hasi zuten beheranzko bidea, nahiz eta, "B plana" Garagartzako Patxixena auzoetxean lo egitea izan, etxerantz abiatu ziren.

"Erdizkako bidean"

Euririk egin ez zuenez, baina eguraldia "petralduta" dabilenez, gaurko egitaraua ere bertan behera geratu da. Corcuerak aipatu nahi izan duenez, "oso pozik" daude egon den parte-hartzearekin, baina triste aldi berean nahi zuten guztia bete ezin izan dutelako: "Eguaztenean egin zen ipuin kontaketa oso arrakastatsua izan zen, ekimenak hasiera bikaina izan zuen, eta mendi bueltan egon den parte-hartzearekin ere oso pozik geratu gara; pena, erdizka bidean gelditu garela eta ezin izan dugula egitarau osoa bete".

Oraindik taldeko balorazioa egin gabe dago, eta ezin da beraz datorren urteko ekimenari buruz hitz egin. Hala ere, ahotik "erdizpurdizko zaporea" kentzeko, 9.edizio bat egin beharko luketela aitortu du Udalako Ingurumen Eskolako kideak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak