Iker Murillo arrasatearrak bere lehen eleberria aurkeztu du

Txomin Madina Milikua 2023ko mai. 20a, 16:12

Argazkia: Alisa Andrei

‘Hacia la catedral’ du izenburua Arrasateko kazetariaren liburuak eta jendetsua izan zen atzo Dublin tabernan egin zuen aurkezpena.

Idazlearen senide eta lagun artean, jendetza batu zen atzo Arrasateko Dublin tabernan Iker Murilloren lehen liburuaren, Hacia la catedral eleberriaren aurkezpenean. “Gasteiztik eta Bilbotik ere etorri zen jendea, aspaldi ikusten ez nituen lagunak ere bai! Esan nien elkartzeko bakarrik balio izan badu ere, liburua idazteak merezi izan duela!”, adierazi du aurkezpenaren biharamunean Murillok. Bertaratu zirenak liburua irakurtzeko gogoz zeuden, gainera, eramandako 100 aleetatik ia denak saldu zituelako.

Duela lau urte hasi zen liburua idazten, eta misteriozko generoaren barruan kokatzen da: “Amnesiari buruz hitz egiten du. Liburua hastean, pisu batean dagoen ohe baten esnatuko den gizon bat ezagutuko dugu. Ez da ezertaz ere oroitzen; buruan duen gauza bakarra da neska baten oroitzapen txiki bat da. Misteriozkoa da, baina baita barne ezagutzaren ingurukoa ere, nola ezagutu nork bere burua”.

Iker Murillo, gurasoekin. Argazkia: Alisa Andrei

Idazketa prozesua, "organikoa baina zaila"

Idazketa prozesua organikoa baina zaila izan dela gaineratzen du: “Hasiera batean abiapuntuak oso polita zirudien, baina berehala konturatu nintzen pertsonaiak oroitzapenik ez zuenez, nik ere idazteko ez nuela helduleku asko”. Liburua bera bakarrik idazten joan dela gaineratzen du, ideiak agertu ahala: “Liburua bizpahiru hilabetetan idatzi nuen, baina gero zuzenketa asko egin behar izan ditut eleberria koherentea izan zedin”.

Kazetari edo idazle moduan idatzi alde handia dagoen galdetuta, baietz dio Murillok: “Idazle moduan ez nago errealitatearen menpe, nire istorioa delako. Zentzu horretan errazagoa da. Baina ikusten ditudan gauzei buruz idaztera ohituta egonda, gauzak asmatzen ibiltzea oso ezberdina izan da”. Jendearen erantzunaren zain, emaitzarekin gustura geratu dela dio.

Liburua Dublin tabernan erosi daiteke, baita Iker Murillori berari zuzenean idatzita iki.murillo@gmail.com helbidean.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak