"Negoziazio gogorren" ostean, akordioa itxi dute Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko Langileek eta enpresak. Honako puntu hauek batzen ditu akordioak: %24ko soldata igoerak: 2023ko ekainetik, %4; 2024an, %11; 2025ean, %3; 2026an, %3 eta 2027an, %3; joan-etorriengatiko plusa, hileko soldataren %6koa; astean gutxienez 20 orduko lanaldia ziurtatzea langile guztientzako eta asteburuetan gutxienez 10 orduko lanaldia; enpresak ezin izango du langilearen lanaldia aldatu erabiltzaileari behin-betiko baja eman eta gutxienez hilabeteko epean; lanaldiaren arabera, 10 ordu eta erdiko eta 9 ordu eta erdiko ordu-prestasuna kontziliaziorako eta domeka eta jaiegunetako plusa. "Egungo plusa %20 igoko da, itundutako soldata-igoerekin batera", azaldu dute ESK sindikatuko ordezkariek.
Akordioarekin pozik azaldu dira
Joan den astean hasi zituzten protestak langileek, enpresak kasurik egiten ez ziela eta malgutasunik ez zuela salatuz. Hala, martitzenean batu ziren Udal Gobernua eta enpresa, arazoari konponbide bat emateko helburuarekin eta iritsi da akordioa. Langileak pozik azaldu dira horrekin eta zera nabarmendu dute: "Berriz ere frogatuta geratu da antolaketa eta borroka dela bide bakarra".
"Garaipen kolektibo handia" izan dela azpimarratu dute ESK sindikatuko langileen ordezkariek. "Baina ez da hemen amaitzen, zaintzarekin ezin baita negoziorik egin. Zaindu ditzagun zaintzaileak. Borroka da bide bakarra. ESK sindikatutik beti egongo gara langileekin eta guztiontzako eskubide sozial eta laboralak aldarrikatzen".