Hamalau proposamen ditu Elkarrekin koalizioak Arrasate "eraldatzeko"

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko mai. 18a, 14:14

Eva Abuin , Elkarrekin Arrasateren alkategaia.

Arrasate eraldatzeko hamalau proposamen ditu koalizioak eta lau arlotan bereizi dituzte haien proposamenak: "Auzoak erdigunera ekartzea, zerbitzu publikoak berreskuratzea, Arrasaten bizi diren pertsona guztien arreta eta ongizatea bermatzea eta herri kohesioa lortzeko politikak aplikatzea".

Elkarrekin koalizioak hamalau proposamen ditu Arrasate "eraldatzeko". Eva Abuin alkategaiak azaldu duenez, lau arlotan bereizi dituzte proposamen horiek. Batetik, auzoak erdigunera ekarri gura dituzte, horretarako hiru proposamenekin: "urtero auzoetan inbertsioak bermatzeko auzo aurrekontuak sortzea; BAZ eta gizarte zerbitzu bulegoak auzoetan eratzea eta Udalarekin tramiteak auzoetatik egiteko aukera bermatzea".

Zerbitzu publikoak berreskuratzea ere bada koalizioaren lehentasunetako bat. Hala, lehenik eta behin, autobus berriak erosi eta zerbitzua publifikatuko lukete. Horrez gain, linea berriak sortuko lituzkete auzoetara heltzeko (Udala, Bedoña, Garagartza...) eta domeka edo jaiegunetan ere zerbitzua eman. "Halaber, pribatizatuta dauden zerbitzuak publifikatzeko plan bat garatzea gura dugu (Etxez etxeko laguntza, Herri busa, Lorezainak) eta kontratazio behatokia sortzea". Azkenik, etxebizitza politikak martxan jartzeko eta alokairuaren prezioaren arazoari aurre egiteko batzorde bat eratzea ere proposatzen dute.

Arrasatearren ongizatea bermatze aldera, honako neurri hauek aplikatuko lituzkete: "Pertsona nagusiei zuzendutako politikak sustatzeko batzordea eratzea udaletxean eta leihatila bakarra sortu; mendekotasunak prebentziorako plan estrategikoa garatu; migratzaileei zuzendutako informazio eta arreta zerbitzua sortu eta politika berriak martxan jarri langabezi tasa gutxitu eta enpleguaren arazoari aurre egiteko".

Azkenik, herri kohesioa lortzeko, beste lau neurri proposatzen ditu Elkarrekinek: Udal zerbitzuak eta hezkuntza ez formalaren eskaintza haur guztien eskura jartzea; zaintza komunitarioa sustatzeko eta sektore pribatuan dagoen prekarietatearekin bukatzeko plan estrategikoa; elkarbizitza arazoak sortzen dituzten gaiak identifikatu eta landu (petardoak, terrazak...) eta merkatua, zinea, kiroldegia eta Emakume Txokoa hobetzeko inbertsioak egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak