Ikasleek Eskolako Agenda 2030en ondorioak aurkeztu dituzte osoko bilkuran

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko mai. 16a, 17:37

Ikasleak, osoko bilkuren aretoan. (Argazkia Arrasateko Udala).

Arrasateko Lehen Hezkuntzako eta DBHko 20 ikasle ordezkarik aurkeztu zituzten 2022-2023 ikasturtean egindako lanak, jasotako ondorioak, Udalari egiten dizkioten proposamenak eta ikasleek beraiek hartzen dituzten konpromisoak. Hori guztia txosten batean jaso dute.

Energia eta hiri jasangarria gaiaren baitan, askotariko ekintzak gauzatu dituzte ikasturtean energiaren gaia herrian kokatzeko. Azaldu dutenez, Udalako Ingurumen Eskolatik gidatutako ibilaldiak egin dituzte, bai Udalan eta baita herrian zehar, "Kulturola eraikineko eta Debagoieneko Mankomunitateko energia berriztagarriak ikusteko, adibidez". Gainera, haien ikastetxeetako energia kontsumoak aztertzen aritu dira eta ekintzak egiten energiaren erabilera murrizteko.

Hiru arlotan banatuta

Ikasleek egindako proposamenak eta konpromisoak hiru arlotan banatu dituzte: lehenak, mugikortasun alorrekoak izan dira eta proposatu dute "herriko bidegorri sarea osatzea espaloien zabalera handitzea eta garraio publikoa indartzea".

Bigarren arloa energiari lotutako kontsumoa izan da eta zera aipatu dute, besteak beste, ikasleek: "Beharrezkoak dira herriarentzat informazio, komunikazio eta sentsibilizazio kanpainak eta sistemak ezarri behar dira eraikin publikoetan energiaren kontsumoa gutxitzeko".

Azkenik, argiteria publikoan oinarritutako proposamenak egin dituzte, eta neurri batzuk proposatu dituzte argi-kutsadura gutxitzeko eta eraginkortasun energetikoa bultzatzeko. 

Proposamenak, jasota

Ikasleek azaldu dute "herri jasangarri eta atsegina" gura dutela eta prest daudela horretan laguntzeko; horregatik, konpromisoa hartu dute arlo guztietan beren jarrera eta ohiturak aldatzeko.

Ondorio eta proposamen guztiak entzun ostean, alkateak eskerrak eman dizkie egindako lanagatik, eta esan die aintzat hartuko dituztela proposamenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak