"Etxean dauzkagun jostailuei begirada bat eman eta erabiltzen ez ditugunak beste batzuengatik trukatzeko gonbidapena luzatu nahi dugu", adierazi dute Txatxilipurdiko kideek.
Gaineratu dutenez, edonolako jostailuak trukatu ahalko dira, baina uda gerturatzen ari denez, hondartzan edo igerilekuetan erabili ohi diren jostailuak trukatzea "polita" izan daiteke: kuboak, palak, eskuare, kometak, urpean jolasteko jostailuak, ureztontziak, hondarretan jolasteko jostailuak, disko hegalariak eta abar.
Jostailuak biltzeko, hiru hitzordu
Azoka baino lehen, jostailuak jasoko dituzte antolatzaileek eta, horretarako, hiru egun egongo dira:
- Maiatzak 23, Arimazubi plazan, 18:00etatik 18:45era.
- Maiatzak 24, Santa Marinako ludoteka aurrean, 18:00etatik 18:45era.
- Maiatzak 25, Biteri plazan, 18:00etatik 18:45era.
Era berean, hiru egun horietan, Txatxilipurdiko bulegoan ere jasoko dituzte jostailuak, 09:00etatik 13:00etara.
Jostailuen truke, txartelak banatuko dituzte; zenbat jostailu, hainbeste txartel. "Txartel hauek jarraian, jasotako jostailu guztien artean gustukoena aukeratzeko baliagarriak izango dira".
Hainbat baldintza bete beharko dituzte
Ez dituzte edonolako jostailuak batuko, hau da, hainbat baldintza bete beharko dituzte: egoera onean eta osorik egon beharko dira; indarkeria sustatzen dituzten jostailuak ez dira onartuko ez eta irudi sinbolikoa dutenak ere, tartean pistolak, izan uretakoak edo ez; sexu bereizketa egiten duten jostailuak ere ez dira onartuko.
Azoka, ekainaren 1ean
Monterrongo parkean egingo dute azoka, esan moduan, ekainaren 1ean, eta jasotako jostailuak ikusgai jarriko dituzte, trukea gauzatuz. "Bertan, jokoak azaltzeko eta elkarrekin jolasteko tartea hartuko dugu, 18:00etatik 20:00etara", azaldu dute antolatzaileek. "Jolas erraldoi batzuk ere eramango ditugu elkarrekin jolasteko eta arratsalde bikaina pasatzeko".