Askatasunaren eta giza eskubideen aldeko herri plataforma aurkeztu dute Arrasaten

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko mai. 12a, 19:46

Plataformaren aurkezpena, Kulturateko areto nagusian.

Askatasunaren eta giza eskubideen aldeko herri plataforma aurkeztu dute gaur Kulturateko areto nagusian. 40 bat lagun elkartu dira; azaldu dutenez, plataformaren helburua da "giza eskubideak defendatzea". Maiatzerako, ekainerako eta irailerako antolatu dituzten ekitaldien berri ere eman dute gaurko aurkezpenean.

Debagoiena lan esparru duen plataformako kide Valentin Zurbanok azaldu duenez, plataforma sortzearen arrazoiak eta helburuak aditzera ematea izan da gaurko ekitaldiaren helburua. Pandemiako giza eskubideen aurkako erasoak gogora ekarri ditu, besteak beste: "Pandemia baten egon arren oinarrizko eskubide eta askatasun batzuk urratu ziren, eta horri aurre egiteko talde bat antolatu egin ginen. Presio apur bat egiteko jendea behar dugu".

Aurkezpenaren hasiera, Kulturaten.

Plataforma gaur aurkeztu badute ere, Zurbanok gogora ekarri du orain arte elkarrizketa publikoak antolatu dituztela; Luis de Miguel erizaina eta abokatua eta Aitor Gisasola abokatua gonbidatu izan dituzte. "Lehen asmoa izan da alde juridikoa lantzea eta horregatik ekarri ditugu legea ondo ezagutzen duten adituak; oinarrizko eskubideak urratu dira eta urratzen dira? Adituak egin dezatela berba. Zertarako daude bioetikaren gaineko itunak gero benetan arazoak sortzen direnean ez daitezen aintzat hartu? Halako eta bestelako gogoeta batzuk plazaratu nahi ditugu".

Datozen ekitaldiak

Gaurko aurkezpenean hurrengo ekitaldiak ere iragarri dituzte: maiatzaren 23an Carlos Taibo irakaslea eta idazlea egongo da Gaztelupen (18:30); ekainaren 10ean Angeles Maestro Ezker Batuko diputatu izandakoa egongo da Kulturateko areto nagusian (10:30); eta irailaren 2rako Cristina Armas abokatua gonbidatu dute Kulturatera (10:30).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak