Amaia Ispizua EHMBko ordezkariak azpimarratu duenez, "euskal musikaren aniztasunaren isla" izan da aurtengo sariketa, "genero, erritmo eta doinu mota ugariren ordezkari" izan direlako sarituak. Guztira, iaz sortutako 120 musika-proiektu edo proposamen aztertu ditu adituz zein arituz osatutako epaimahaiak, eta zortzi hautatu dituzte. Neomak eta Ines Osinaga izan dira Debagoieneko sarituak, baina, horrez gain, beste sei euskal musikari: Merina Gris, Teresa Catalan, Su ta Gar, Enrike Solinis, Mice eta Elena Setien.
Etxepare Institutuak ere sari bat eman du, eta "euskal musika nazioartera zabaltzeko eginiko lanarengatik", Oreka TX taldeak jaso du aitortza. Are gehiago, elkarteko zuzendaritza batzordeak ohorezko sari bat ere banatu du, eta Kepa Junkerarentzat izan da, "euskal kultura eta euskara nazioartera modu berritzailean eramateagatik, trikitixa erritmo, instrumentu eta estilo berrietara egokituta".
Emakumeen lanak
Epaimahaiak hautatutako sarituek 2.000 euroko diru-saria eskuratu dute, eta baita Fernando Mikelarena artistak diseinatutako eskultura bana ere. Gainera, elkarteko kideek nabarmendu dute sarien erdia emakumeentzat izan dela. Haien arabera, "aipagarria" da hamar saritik bost emakumezkoentzat izan direla, eta erantsi dute "nabarmen" igo zela iaz emakumeen proposamen kopurua. "Lanen %42k izan du emakumeen lidergoa".
Musika estiloari dagokionez, hamar proposamenetatik hiru pop-rock estilokoak izan direla azaldu dute, eta euskararen trataera ere nagusi izan dela; hamar lanetatik zazpik.