Arrasateko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek salatu dutenez, 2021etik soldata "izoztuta" daukate eta, beraz, lan-baldintzak hobetzea eskatzen dute, familia kontziliaziorako. People Plus Innovation enpresaren eta Arrasateko Udalaren esku dago hori eta, nabarmendu dutenez, enpresarekin duten negoziazioa "erabat etenda" dago uneotan.
Adierazi dutenez, haien lana funtsezkoa da "adinekoak haien etxeetan bizi izaten jarrai dezaten, gu garelako lehen lerroan haiekin gaudenak, zaintzen, entzuten, kozinatzen, garbitzen eta abar".
Mobilizazioak datozen egunetan
Atzo egin zuten lehen elkarretaratzea eta gaur eta maiatzaren 16an, 17an eta 18an ere elkartuko dira, 19:00etan, Herriko Plazan. Horrez gain, bihar, merkatuan egingo dute elkarretaratzea, 12:00etan, eta hilaren 15ean, plazan egongo dira, 12:00etan. "Konponbide bat ematen ez bada, maiatzaren 19an greba mugagabea hasiko dugu", aldarrikatu dute.
Mobilizazioen harira, herritarren babesa eskatu dute. "Arrasate ondo zainduta egon dadin, emakume langileak zaintzetik hasi behar da. Arazo honek ez digu guri bakarrik eragiten, guztioi eragiten digu", azpimarratu dute.