Zaleek "erantzun paregabea" eman zioten duela bi asteko deialdiari. "Mojategira zale asko eta asko gerturatu ziren lehenengo taldea eta Ohorezko jubenila animatzera, izugarrizko giro polita jarriz futbol zelaiko harmailetan", azaldu dute klubetik. "Horrek liderraren kontra 1-0eko garaipena lortzeko bultzada eman zion taldeari eta azken asteburu honetan Aloña Mendiri gailendu zitzaion taldea 1-4 ko emaitzarekin".
Hala, arrasatearrek haien esku daukate mailari eustea, baina horretarako etxeko lanak egin behar dituzte datozen asteetan. "Lehenengo urratsa zapatu honetan eman behar da Mojategin, Elgoibar taldea, mailari eusteko areriorik zuzenena, garaituz. Horretarako, zalegoaren indarra beharrezkoa izango da berriro ere, baina oraingo honetan erabakiorra izango da norgehiagoka, irabazleak mailari eusteko aukerak biderkatuko baititu".
"Futbol apalaren jai handi bat"
Hori dela eta, Mojategi "futbol apalaren jai handi bat" bilakatzea gura du klubak. "Arratsaldeko lehenengo partida, Ohorezko Erregional Mailako taldearen esfortzua aitortzeko baliatu behar dugu eta bigarrena, gazteei azken bultzada eta hauspoa emateko: Beraz, zapatu honetan, maiatzak 13, 18:30ean, denok Mojategira! Musakolan egongo den jai giroa Mojategiraino heldu dadila!".