"Arrasateko auzoak hobetzeko plan bat" diseinatu du EAJk

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko mai. 9a, 16:01

Arrasateko EAJko ordezkariak, Gorostiza auzoan. (Argazkia: Arrasateko EAJ).

Arrasateko jeltzaleek auzoetarako dituzten proposamenen berri eman dute. Besteak beste, igogailuak jarri gura dituzte Gorostizan eta hainbat gune berrurbanizatu, hala nola, Altamira, Grupo San Juan eta San Andresko Gudarien Plaza. Halaber, Santa Teresa auzoa osorik eraberritzeko proiektua ere nabarmendu dute.

2023-2027 agintaldian "Arrasateko auzoak hobetzeko plan bat" diseinatu du EAJk, Gorostizan, Grupo San Juanen, Altamiran, San Andresen, Santa Teresan eta Musakolan "jarduera zehatzak" egiteko. Era berean, koordinaziorako mahai bat sortuko dutela iragarri dute, "landa-auzoen beharrei" heltzeko.

Maria Ubarretxena alkategaiak adierazi du jakin badakiela Arrasateko auzoek herria "toki hobe" bihurtzen dutela. "Auzoetako bizi-kalitatea axola zaigu. Irisgarritasuna eta mugikortasuna bermatzea eta Arrasate ingurune atsegin eta seguru bihurtzen jarraitzea da gure helburuetako bat, auzoen kezkak kontuan hartuta. Horregatik, gure agendaren berrikuntzetako bat izango da auzoek aurrekontu propioa izango dutela", nabarmendu du.

Gorostizan igogailua

Arrasatek auzo altu asko dituela eta, irisgarritasuna bermatzea izango da EAJ-PNVren puntu nagusietako bat. "Alde horretatik, azken bi legegintzaldietan Makatzenan eta Erguinen kokatutako bederatzi igogailuen ondoren, eta Santa Teresako proiektu integralaren definizioa (eraikitze-prozesuan dagoen igogailuen diseinua duena) egin ostean, Gorostiza auzoa izango da irisgarritasunaren eta bizi-kalitatearen baldintzak hobetuko dituen hurrengo auzoa, igogailu publikoekin".

Hainbat berrurbanizazio

Era berean, Altamira auzoa berrurbanizatzea 2023an argitaratuko duten proiektuetako bat izango da. "Auzotarrekin kontrastatutako proposamena irisgarritasuna, segurtasuna eta auzoaren bizi-kalitatea hobetzea helburu duen asmo handiko proiektu baten ibilbide-orria izango da".

Jeltzaleek haien gain hartzen duten beste konpromisoetako bat da Grupo San Juanen berrurbanizazioa. "Obra horietan, Jose Maria Eguren, Alfonso X. Jakintsua eta Iparragirre plazetako eta Bixente Ferrer kaleko bizilagunen ekarpenak jaso ondoren, proiektuaren diseinu bat zehaztuko dugu, auzotarrekin kontrastatuko duguna, jarraian egin ahal izateko".

Gainera, "San Andres auzoan hainbat jarduketa" egin ondoren, EAJren beste proiektuetako bat Gudarien Plaza berrurbanizatzea izango da. "Modu honetara, azken urteotan eraldaketa handiena izan duen auzoetako baten berroneratzea burutuko dugu".

Musakola eta landa-auzoak

"Kiroldegi berria eraikita aldaketa handienetako bat izango duen" Musakolak gune estali bat izango duela gaineratu du Ubarretxenak, Zigarrolako bizilagunen eskaerari erantzuteko. "Era berean, bidegorrien sarea zortzi kilometroraino zabalduko da, Ekobulebar-etik Musakolaraino bidea osatuta".

Azkenik, landa-auzoak koordinatzeko mahaia sortzea ere izango da EAJren proposamenetako bat, "Arrasateko landa-ingurunean bizi diren pertsonen beharrei eta lehen sektorearen erronkei aurre egiteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak