"Euskal hezkuntza sistema publiko burujabea" aldarrikatu du Pello Otxandianok Arrasaten

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko mai. 9a, 14:50

Pello Otxandiano, berbetan. (Argazkiak: Arrasateko EH Bildu).

Arrasateko EH Bilduk gonbidatuta eta Juanito Barberan gidatuta, solasaldia egin zuen atzo EH Bilduren programa zuzendariak, Pello Otxandianok, Kulturateko areto nagusian. Hezkuntza arloan "jauzi" bat emateko beharra aldarrikatu zuen, bide horretan "bultzada komunitarioak" duen garrantzia nabarmenduz.

"Euskal hezkuntza sistema publiko burujabea" eraikitzeko bidean, ikastolen ikastetxe eredua eta eskola publikoaren sen berdinzalea uztartzea da biderik eraginkorrena, Otxandianoren esanetan. Era berean, sare bakoitzaren "autoerreferentzialtasunean" sakondu baino, sistema osoa eraldatzeko garaia dela dio. "Jauzi honek, EH Bilduk proposatzen duen estrategiaren lehen estadioan utziko gintuzke: Euskal Hezkuntza Zerbitzua egonkortuta". Fase horretan, eraldaketa pedagogikoan, inklusioan, euskara eta euskal kulturan eta Euskal Herrian ardaztutako eraldaketarako helburu eta estrategiak azaldu ditu.

Arrasateko EH Bilduren ardatzetako bat

Halaber, Arrasateko EH Bilduk datozen lau urteetarako osatutako herri programan ardatzetako bat da hezkuntza. "Herri kohesioan, aukera berdintasunean, euskara eta euskal kulturaren transmisioan eta finean Arrasate hezitzaileago baterako norabidean lan egiteko konpromisoa hartuta, hezkuntza formaleko eragileen arteko kooperazioa eta hezkuntza ez-formalarekin uztarketa bilatzeko ekosistema hezitzaile bat eratzea izango da helburua", azaldu dute koaliziotik.

Hezkuntza arloan, honako hauek dira Arrasateko EH Bilduren proposamenak: "Udal Eskola Kontseilua aktibatu (ikastetxeak, tokiko elkarteak, udala) eskola eskaintzaren banaketa eta ikasleen eskolaratze orekatuan eragiteko; Arrasatek-Hezi proiektua berreskuratu, eguneratu eta egungo beharretatik garatu, herri hezitzailearen filosofia landu eta hezkuntza teknikariaren figura berreskuratu".

Azkenik, koaliziotik azpimarratu dute hezkuntza herri gisa amestu, landu, eraiki eta ekiteko eremua dela sinetsita daudela eta zentzu horretan EH Bilduk dagokion arduraz jarduteko konpromisoa hartua daukala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak