Aurten 30 urte betetzen dira San Frantzisko Xabier ikastolako Santa Teresa gunean lehen danborrada antolatu zutenetik. "Auzoko jaiei ekarpena egiteko asmoz, orduko profesionalekin batera martxan jarri genuen ekimena. Ordutik, Arizmendi Ikastolak urtero danborrak astintzeko ohitura errotu du Ikastolan, auzokideen laguntzarekin, haur, familia, zein profesionalok parte hartzen dugularik", adierazi dute ikastetxetik.
Ekintza nagusia danborrada bada ere, aste batzuk lehenago auzoko proiektua landu dute, Haur Hezkuntzatik hasi eta Lehen Hezkuntzako 6. mailaraino. "Aurten, auzoko baserriak zeintzuk ziren ikasi dugu eta auzoa eta astoaren arteko harremanaren inguruan ikertu. Gainera, ikasleak izan dira jaien aurreprestaketan protagonistak eta auzoko jaietarako buruhandiak ere sortu ditugu".