Pentsio-sistemaren erreforma berriak ekarritako aldaketen aurrean kooperatibisten interesen defentsan egindako aurrerapenen berri eman dute jeltzaleek gaurko ekitaldian, "egoera horrek sortutako ziurgabetasuna dela-eta, hurrengo urratsak elkarrekin definitzeko".
Bileran izan dira Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Aitor Esteban eta Iñigo Barandiaran Kongresuko diputatuak, Gobernantzako foru diputatu eta diputatu nagusigai Eider Mendoza eta baita ere Leintz bailarako EAJ-PNVko Maria Ubarretxena –Arrasate–, Unai Elkoro –Aretxabaleta–, Mikel Uribetxeberria –Aretxabaleta– eta Jose Ramon Zubizarreta –Eskoriatza–.
Lan bileraren ondoren, Arrasateko Goi Eskola Politeknikoaren campusa bisitatu dute, Vicente Atxa unibertsitate zentroko errektorearen eskutik.
Babesa kooperatibistei
Topaketa honen bidez, EAJ-PNVk Arrasateko mugimendu kooperatibistari eta Euskadiko kooperatibistei emandako babesa nabarmendu nahi izan dute jeltzaleek. Joan den martxoan onartutako erreforma berriaren aurrean koopertibisten interesen alde egiten jarraitzeko asmoa berretsi du. "Lege-dekretuak Euskadin eta bereziki Gipuzkoan errotuta dagoen eta milaka kooperatibistei eragiten dien eredu propio bat erabat aldatu eta asimilatzen du", esan du Kongresuko Euskal Taldearen bozeramaile Aitor Estebanek. "Akats bat da autonomo zein kooperatibistak araubide juridiko berean homologatzea, eta hori da zuzendu behar dena".
Gaineratu du EAJ-PNVk babestu egin duela orain gutxi onartutako pentsioen erreforma, eta beharrezkotzat ere jotzen duela, baina Espainiako Gobernuari kooperatiben errealitatearen berezitasuna eta hauen gizarte-babeserako eredu propioa bermatzeko eskatzen dio, autonomoen erregimenean asimilatzeak eredu horren bideragarritasuna arriskuan jar dezakeelako. "Urtarriletik erreformak kooperatibisten sarrera garbien %100 –lanaren zein kapitalaren etekinak batuta– kontuan hartzera behartzen ditu Gizarte Segurantzari egin beharreko ekarpenerako, kooperatibista bakoitzak bere kotizazio-oinarria ezartzeko aukerarik gabe. Orain arte, zati bat bere mutualitateari eta beste bat Gizarte Segurantzari emateko askatasuna zuten eredu horren baitan zeuden kooperatibetako lan-bazkideek".
Aurrerantzean ere lanean jarraituko dutela agindu du Estebanek "hurrengo lege batean aukera hau egon dadin, eta uda aurretik lortzea espero dugu", esan du. "Xede horrekin, talde jeltzaleak hilabeteak daramatza negoziatzen erreformak kooperatibisten babes sistemaren berezitasuna aintzat har dezan, eta kooperatiben eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketaren buru izaten jarraituko dugu".
Estebanek gogorarazi du EAJ-PNV izan dela Madrilen 130.000 euskal kooperatibista baino gehiago defendatu dituena. "Pentsioen azken erreforman, Euskal Taldeak bere espezifikotasuna aitortzea eskatu zion Espainiako Gobernuari, eta sektorearen eta Ministerioaren arteko elkarrizketa bultzatu zuen. Espainiako Gobernua, ordea, ez da oraindik asmo oneko hitzez harago joan", esan du Estebanek.
Maria Ubarretxenak, bere aldetik, EAJ-PNVren papera defendatu du eredu kooperatiboaren garapenean eta defentsan: "EAJ-PNV beti egon da kooperatibisten alde, haien interesak zainduz eta besteek sortutako arazoei irtenbideak eskainiz, eta, une honetan, arreta bereziz jarraitzen ari gara milaka pertsonari eragiten dien erreforma honen garapena".
Ubarretxenak elkartasunean, komunitatean eta auzolanean oinarritutako ereduaren errotze sakona azpimarratu du. "Kooperatibak Arrasateren eta Euskadiren nortasunaren zati garrantzitsu bat dira eta eredu horrek erreferente bihurtu gaitu mundu mailan, erakutsiz badagoela enpresa egiteko beste modu bat. Gure apustua ukaezina da, eta eredu propio eta berezi hau maila guztietan aintzat hartzea eta babestea defendatuko dugu".