Film proiekzioak eta tailerra, sexu eta genero aniztasuna aldarrikatzeko

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko mai. 3a, 10:35

Arrasateko Emakume Txokoak bi jarduera antolatu ditu maiatzerako. Batetik, Zinegoak jaialdiaren baitako film proiekzioa egingo dute hilaren 9an, martitzena, 19:00etan, Kulturateko areto nagusian. Bestetik, Betaurreko binarioak apurtzen, aniztasunaz jabetzen tailerra izango da hilaren 13an, Emakume Txokoan bertan.

Sexu eta genero aniztasuna aldarrikatzen duen Zinegoak jaialdiaren edizio honetan zazpi film labur ikusi ahal izango dira, jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin, euskaraz eta gaztelaniaz. Hiru film euskal sorkuntzak dira eta euskaraz proiektatuko dira; gainerakoak Espainian, Libanon, Brasilen edo Iranen sortuak dira. Proiekzioaren ondoren solasaldi bat egingo dute, Xabier Vallinak, LGTBIQ+ mugimenduko aktibista eta zinemagile arrasatearrak, gidatuta.

Jaialdia ekainean izango da, baina aurrez Arrasaten ikusi ahal izango dira aukeratutako filmak. Hala, Emakume Txokoak proiekziora joateko eta kalitatezko zinema kritikoa ikusteko aukera aprobetxatzeko gonbita egin die herritarrei, LGTBIQ+ errealitate aniztasuna jorratuz.

Tailerrean izena eman behar da

Bestalde, maiatzaren 13an, Betaurreko binarioak apurtzen: aniztasunaz jabetzen tailerra egingo du Histeria taldeko Udane Hermosilla Fernandezek, Emakume Txokoaren Jabekuntza Eskolaren baitan. 10:00etatik 13:00era izango da, Emakume Txokoan, eta generoak eta desioak estereotipatzen dituzten betaurrekoen bidez mundua nola behatzen den aztertuko dute, "modu kritikoan".

Sexu eta genero aniztasunari buruz gehiago jakin nahi dutenentzako gune bat izango da tailerra eta izena eman beharko da aurrez, Emakume Txokoan bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak