Azaroaren 6an, "hutsune handia utziz joan zen Arrasateko azken punka", Figueras ezizenez ezaguna zen Alberto Rollan. Hilabeteak pasata, haren ahotsa berpizteko gogoz aurkeztu dira herriko musikariak, eta horretarako momentu aproposaren bila aritu dira: San Andresko jaiak. Oiana Sanchezek antolakuntzan zelan ibili diren azaldu nahi izan du: “San Andresko Jai Batzordea kolabo ratzaile gisa bakarrik aritu da, musikariak izan dira boluntario etorri direnak doako lana egiteko; norbait nabarmendu behar bada Des-kontroleko Magu da, buru-belarri aritu baita lanean”.
"Auzoko eta herriko ikono punka" zena musikan murgilduta egon da betidanik, hori izan da haren rola: herriko taldeak animatzeko festibal guztietara joatea, babesa eta elkartasuna erakustea. Horregatik, harentzat horren asteburu berezia zen hori eskaini nahi izan diote lagunek; eta, beraz, San Andresko jaietako apirilaren 30ean omenaldi-kontzertua egingo dute, Arrasateko azken punkaren oroimenez.
Ekitaldi berezia
Aurtengo egitaraua desberdina da, musika estilo asko batzen ditu. Besteak beste, flamenko feminista kutsuko taldeak ikusi ahal izango dira oholtza gainean: Alarma Morea; baina beste tankera bateko musika ere egongo da. Figueras Fest izeneko omenaldian, Mondra & Roll jaialdian izandako zenbait taldez ere gozatzeko aukera izango dute herritarrek: Crap, Zero, Xementerio eta Des-kontrol.
Aitaitaren hutsunea
Komisioko kideentzat oso garrantzitsua zen arrasatearra, haientzat "kolpe gogorra izan zen aitona bezalakoa zen norbait galtzea", eta asko nabari dute haren falta. Horregatik, San Andresko Jai Batzordearentzat "plazera eta ohorea" izan da beste talde batzuekin elkarlanean aritzea helburu komuna lortzeko asmoz. Asko eskertu dute haien boluntariotza eta erakutsi duten lanerako gogoa.
Bide posible berria
Figueras-en ahotsa oraindik ere entzuten jarraituko den isla gardena da omenaldia, eta etorkizunera begira gauza polita izan daiteke horrekin jarraitzea. Domeka honetakoa berezia izango da, lehenengoz ospatuko baita Figueras Fest jaialdia, baina, agian, ez da azkena izango. Datorren urtean ikusiko da ea desbideratzearekin jarraitzea posible den eta haren izenpean horrelako jaialdi bat antolatzea egingarri den. Izan ere, auzoko jaietan hari egun bat eskaintzea hunkigarria izango litzateke, bai orain eta baita etorkizunean ere.