Iaz lortutako emaitzekin "pozik" dago Laboral Kutxa

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko api. 25a, 11:38

Donostian atzo eginiko 2023ko batzar nagusia.

Donostian egin dute ohiko batzar nagusia, eta bazkideek joan den urtean egindako gestioa berretsi dute. Txomin Garcia Laboral Kutxako lehendakariak ere hitza hartu du, eta jakinarazi duenez, 150,5 milioi euroko irabazia garbia eskuratu du kooperatibak.

Haren arabera, emaitzen hazkundea "oso nabarmena" izan da, eta "soberan gainditu du" gestio planean aurreikusitakoa. Besteak beste, azpimarratu du inbertsio-plana "bizkortzeko" aukera izan dutela "eraldaketa prozesurako", eta, gainera, hornidurak "indartu" egin dituela etorkizunean gerta daitezkeen kontingentzietarako.

2023ko asmoak

2022ko memoriaren atal nagusiak jorratzeaz gain, bazkideek 2023ko ekitaldian kooperatibaren jarduera egituratuko duten jardunbide nagusiak ezagutzeko aukera ere izan dute, Xabier Egibar zuzendari nagusiak aurtengo gestio planaren ekintza-lerro nagusiak azaldu baititu. Adierazi duenez, "ohi baino ziklo estrategiko laburragoa" aurreikusi dute, hala nola "iragarpen makroekonomikoen ezegonkortasuna eta aldakortasuna handia" delako, eta, beraz, "ezinbestekoa" delako estrategia "etengabe" egokitzea.

Orain artean zehaztu dutenaren arabera, ordea, batetik, "eguneroko negozioari atxikitako alderdi lehiakorrak garatzen" jarraituko dutela jakinarazi du, "lehentasunezko segmentuetan eta negozioetan merkatuko bolumenak eta kuotak handitzen jarraitzeko erronka" gogoan izanda. Bestetik, kooperatiba lantzen ari den "eraldaketarako agenda garrantzitsuan" ere arreta jarriko du, teknologiaren, zibersegurtasunaren eta datuen esparruetan inbertsioa handituta.

Aldaketak lehendakaritzan

Batzarra baliatu dute aldaketen berri emateko ere. Garcia erretiroa hartzekoa da, eta 2023an amaituko du lehendakaritzan eginiko bidea. Haren ordez, Adolfo Plaza hautatu dute aho batez kontseilu errektoreak lehendakaritzarako proposatu dezan, eta hautagai "konprometitua" dela azpimarratu du Garciak: "Espediente akademiko bikaina izateaz gain, esperientzia handia du banku-jardueran, eta oso ondo ezagutzen du esparru arautzaile eta gainbegiratzaile berria".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak