Podemos Ahal Duguk, Ezker Anitza-IUk, Berdeak Equok eta Aliantza Berdeak akordioa lortu dute maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan zerrenda bateratua osatzeko. Hala, Podemos Ahal Duguko Eva Abuin izango da Arrasateko alkategaia. Halaber, Ezker Anitza-IU Arrasateko koordinatzaile Juankar Davila izango da bigarrena zerrendan eta, haren atzetik, Yira Alonso (Podemos Ahal Dugu) eta Luis Miguel Barbero (Ezker Anitza-IU) joango dira. Koalizioak Elkarrekin izena izango du eta, ondoren, lau alderdien izenak.
Lau alderdietako ordezkariak "pozik" agertu dira hautagaitzarekin. "Gure helburua ahalik eta ordezkaritza handiena izatea da, bizilagunen bizitza hobetzen saiatzeko, Irungo eta Errenteriako gobernuetan erakutsi dugun bezala. Herritarrei entzunez eta pertsonak eta haien beharrak udal politiken erdigunean jarriz egingo dugu lan", adierazi dute.
Elkarrekin koalizioak udalerri "iraunkor eta sozialki justu bat" sortzea izango du ardatz nagusi. "Zortzi urte daramatzagu auzokideekiko interesik ez duen eta jendearen benetako arazoei aurre egiteko gai ez den Udal Gobernu batekin. Alkatetza honetan aldaketa garaia da, herritarren aldeko gure proiektuak martxan jartzeko", diote.
Halaber, Arrasaten justizia fiskala ezartzearen alde egingo du koalizioak: "Zuzenean kudeatutako oinarrizko zerbitzu publikoak; hirigintza zentzuduna, hazkunde iraunkorrekoa; politika sozialak eta enplegua lortzeko programak bultzatzea, etxebizitza duina lortzea sustatzea eta gazteen emantzipazio-politikak bultzatzea".