AEDko bazkideek egindako mintegi batean mahairatu zen protokolo horren beharra eta honako eragileek osatzen dute, gaur-gaurkoz, protokoloaren mahai eragilea: AED elkartea, Arrasateko Euskal Herrian Euskaraz, Debagoieneko AEK, Ekin Emakumeak Elkartea eta Txatxilipurdi Elkartea.
Aurkezpen ekitaldian gonbidatu berezi bat izango da, Iñigo Urrutia EHUko irakasle eta legelaria. "Hizkuntza eskubideei lotutako gaietan aditua da Urrutia, eta egungo marko legalak, gure hizkuntza eskubideak baliatu ahal izateko, jartzen dizkigun mugak eta izan ditzakeen zirrikituak azalduko dizkigu", adierazi dute eragileek.
Protokoloaren sustatzaileek aurkezpenera gerturatzeko dei egin diete herriko beste eragileei zein "euskaldunok hizkuntza eskubideen arloan bizi dugun babesgabetasunagatik eta geroz eta sarriago jasaten ditugun erasoengatik arduratuta dauden herritar guztiei". Era berean, zera nabarmendu dute: "Euskaldunon hizkuntza eskubideen defentsak guztion beharra dauka. Jabetu, antolatu eta mugi gaitezen!".