Goizean Dirk Morenweiserrek Alemaniako hiri nagusietako okupazio mugimenduen historia errepasatu du gaztetxean, Berlingoa, Hamburgokoa eta Frankfurtekoa. Bazkaria egin dute ondoren, eta 19:00ak aldera irten dira kalerik kale zuzeneko musika lagun. Iruñeko Broken Brothers Brass Banden metal instrumentuek alaitu dute arratsaldea, eta taberna inguruetan zegoen jendeak eskertu egin du detailea. Gauean Zaunka eta Occhi di Farfala taldeek egin dute kontzertua. Gaur garbiketa kolektiboa egingo dute 18:00etan, herriak zikindu, herriak garbitu lelopean.
Ostiralean, ostera, afari autogestionatua egin, eta tripa beteta zutenean Peru Abarrategi, Saioa Alkaiza, Aitor Bizkarra eta Sarai Robles bertsolarien ateraldiak entzun zituzten, Olatz Zuazubiskarrek jarritako gaietatik abiatuta.