Ines Osinagaren 'Badon' opera izango da 23. Korrikaren ekitaldi kultural nagusia

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko api. 18a, 18:12

Xanti Agirrezabala, Ane Elordi, Ane Abarrategi eta Ines Osinaga, gaurko agerraldian. (Argazkia: AEK).

AEK-k aurreko edizioan aurreratu zuen 23. Korrikak ekarriko duen berrikuntzetako bat kultur lan baten ekoizpena izango zela. Gaur eman dute horren berri eta, hain zuzen, Ines Osinagaren Badon opera garaikidearena izan da ekoizpen hori, Kultur Sorkuntzarako I. Beka irabazi ostean.

Gaur, martitzena, Azpeitiako Dinamoa Sormen Gunean egin duten prentsa agerraldian eman dituzte 23. Korrikaren berrikuntza nagusia izango den ekimenaren inguruko xehetasunak. Adierazi dutenez, Ines Osinaga arrasatearraren Badon opera garaikideak irabazi du Kultur Sorkuntzarako I. Beka eta, ondorioz, lan hori egongo da gozagai azarotik aurrera Korrika Kulturalaren aterkipean.

Osinagak azaldu du "hausnarketa-ikerketa-sorkuntza prozesu kolektibo eta kolektibizatu" baten emaitza dela Badon, "sinergiak eta diziplina arteko zubiak eraikiko dituena". Formatuari dagokionez, zera esan du: "Interesatzen zaiguna da opera egitura 'hackeagarri' bezala dela, etorkizun desiragarri bateko opera posdramatiko bat".

Halaber, dramaturgiaz gain, baliabide bisualak (argia, bideoa), zuzeneko musika (organikoa eta elektroakustikoa) mugimendua, literatura eta bertsoak ere izango dituzte "Badon unibertsoa" sortzeko, arrasatearren esanetan.

Korrikaren koordinatzaile Ane Elordik, bestalde, horrela azaldu du ekimenaren xedea: «Korrikak euskal kulturaren sustapena ere badu helburu; betiere euskararen berreskurapena eta normalizazioa lortzeko asmoz. Hala, ekimen honi esker, AEK-k kalitate handiko kultur eskaintza egin ahal izango dio Euskal Herriari, euskal kulturaren adierazpideak bazter guztietara eramanez".

Bekaren bigarren edizioa ere, martxan

Kultur Sorkuntzarako II. Bekarako lanak aurkezteko deialdia ere ireki dute. Oinarriek diotenez, deialdian parte hartzeko dokumentazioa 2023ko urriaren 31rako aurkeztu beharko da, beranduenez.

Elordik zehaztu duenez, euskal sortzaile ororentzat izango da, diziplina anitz edo bakarra barnebil dezake, eta lanaren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan behar dute.

Beka 23.000 eurokoa izango da, eta 24. Korrika Kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko dute, 2025eko azarotik 2026ko apirilera, hain zuzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak