Esku pilotan, afizionatu mailako txapelketarik garrantzitsuenetakoa da Goñiren oroimenezkoa. Iaz final-laurdenak jokatu zituen Soraluze klubeko ordezkari Ander Muruak, Morgaetxebarria bizkartzain zuela. Orduan ere Elolarekin neurtu zituen indarrak aurreko koadroetan Muruak. Badirudi bidaniarrak neurria hartua diola arrasatearrari. Atzo iluntzean errebantxarako gogoz kantxaratu zen Zumarragako Beloki pilotalekuan, profesional mailan Baikorekin debuta egingo duen Ugartemendia alkizarra lagun, baina hasieratik gauzak zail jarri zizkieten Elolak eta Lizeagak.
Eta hori txapelketa borobila egiten ari zirela. Final-laurdenetan 22-4 gailendu zitzaien Labaka eta Belokiri. Finalerdietan aise nagusitzen ari ziren Igoa eta Apezetxearen aurka, eta 13-2 aurretik zihoazela aurkariak erretiratu egin ziren, Apezetxearen lesioa tarteko.
Baina finalean bere erritmoa ezarri du Elolak. Muruak zaletuen babesa izan du uneoro, eta saiatu da, baina haren atzelaria ito egin dute urdinek, eta aurrean fin aritu da bidaniarra. Azkenerako, bederatzi tanto egin eta esku hutsik geratu dira Ander Murua eta Gorka Ugartemendia.