Lur Arbizurekin batera argitaratutako liburuaz ariko da Saez de Egilaz hilaren 19an. Hona hemen liburuaren sinopsia: "Belaunaldi aldaketarekin, egungo gazteek ez dakite konpromisoa zer den, ez dago etorkizun desiragarri posiblerik, abertzaletasuna eta komunitatea ahuldu egin dira… Horiek eta gisakoak maiz entzun ditugu azken urteetan. Halako ideia maiztu bezain erosoak nondik datozen azaldu eta horiek problematizatzen dituzte egileek, afektuetan eta kolektiboan arreta jarriz eta eraldaketa sozialerako desira, boterea eta epika ardatz hartuta. Beren esperientzia gorputz eta ikuspegitik aztertzen dute orain arte eraiki den istorio komuna, eta hori berridazteko gakoak ematen dituzte, zeren, denok kabituko bagara, istorio komunak ezin baitu istorio bakarra izan. Haienak ere badirelako".
Dagoeneko Irati Topalekuan bertan eskuragarri dago irakurgaia, interesa duenarentzat. Esan moduan, apirilaren 19an izango da solasaldia, 19:00etan, topalekuan bertan.